Igandeko hauteskunde emaitzek, nire ustez, bi galdera argitu dituzte, esparru abertzalean behinik behin. Batetik, ezker abertzale zabal horren gorakada esponentziala ez dela izango eta, hortaz, EAJk bere sektore soziala finkatua duela (baten batek kontrakoa pentsatzen al zuen?) eta ez dela besterik gabe diluituko argitu da. Maiatzean Bilduk izandako gorakada salbuespenezkoa izan zen. Aurreko hauteskunde deialdietan EA, EB edo ezker abertzalearen markaren bat bozkatu ez zuen jendearen boza Bilduren aldera joan zen maiatzean. Beraz, maiatzean boz mugimendu handia egon zen Bilduk jasotako milaka horien artean (ziurrena, azken urteetan EAJ bozkatu izan zuen hainbat jenderena eta abstentzioan egondakoena). Aldaketa, ia eztanda sozial oso garrantzitsu bat gertatu beharko litzateke igandeko hauteskundeetan berriro ere horrelako igoera errepikatzeko. Ez da errepikatu, eta, beraz, aukera hori baztertuta geratzen dela esango nuke.
Egiten den beste galdera da Bilduren emaitzekin sektore abertzale horrek goia jo ote zuen. Galdera modu zabalagoan formulatuko nuke nik: maiatzean zeuden baldintzen ondorioz (ilegalizazioen zikloen amaiera, indar abertzaleen indar metaketa, udal mailako hauteskundeak izatea …) Bilduren emaitzak puztu egin ziren? Nire ustez, bi galderen erantzuna, ezezkoa da. Igandeko emaitzek sektore horren igoera esponentziala ez dela izango argi utzi duten moduan, maiatzeko emaitzak koiunturazkoak soilik ez zirela izan argi utzi dute. Amaiurrek, guztiz ezberdina zen beste testuinguru batean (hauteskunde espainiarrak, tentsio gutxiko hauteskundeak, ilegalizazioaren mamurik gabe…), emaitza antzekoak jasotzea lortu du, eta horrek, boz joera hori egonkortzen ari dela esan nahi du. Egoera honetan, argi gelditzen dena da hegemoniaren aldeko borroka (eta hemen hegemoniaz hitz egiten dudanean, soilik boz kopuruaz eta honi lotutako botere instituzionalaz ari naiz) oraindik ere borroka luzea izango dela. Nafarroan eta Euskadin, ezkerreko zein eskuineko eremu abertzalea, enpate tekniko batean daudela esango nuke nik. Hemendik aurrera, batak zein besteak irabazi-galdu beharrekoa ez da izango egun batetik besterako emaitza. Dantzan dagoena, hegemonia lortzea edo ez, hainbat konturen menpe egongo da: epe luzera diseinaturiko estrategia, komunikazio ildoa, herritarrekiko lantzen den konexioa, eskaintza politikoak hartzen duen zentralitate politiko eta soziala... Hau da, bataren edo bestearen aldeko desenpatea emateko lan eskerga egin beharko dute.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia
Hegemonia elektoralak dantzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu