inaki petxarroman
Ingurumena. Hondakinen kudeaketa. Analisia

Heriotza ukaldia errauste plantari

2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Bilduko 34 alkatek gehien birziklatzen duen sistema —atez ateko sistema esateko eufemismo bat da hori— ezartzeko hartu duten konpromisoa Zubietako errauste plantarentzako heriotza ukaldia da. Izan ere, errauste plantak hondakin asko behar ditu, eta %70-80 birziklatzen duen gizarte batek ezin izango du sekula ase horrelako labe baten beharra. Birziklatzea eta errauste planta ez dira bateragarriak.

Beraz, ez partzuergoak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ez batzar nagusiek... Herriek eta haien ordezkariek utziko dute errauste plantaren proiektua errealitatetik kanpo. Hemendik aurrera, errauste plantaren aldekoen kanpaina mediatiko-propagandistiko handi samarra espero daiteke, bereziki herririk handienetan. Baina horretan ere beste garai batzuetan baino lasaiago egon daitezke atez atekoaren aldeko ordezkariak: Hernanin posible izan bada, herri guztietan da.

Borroka propagandistiko eta mediatikoa egiteaz gain, lehia politikoan ere erabiliko dute gai hau, arerioa higatzeko helburuz. Bakarren bat sinistuta baitago Bilduri eta ezker abertzaleari kalte egingo diela hondakinen politikan sor daitekeen anabasak. Baina uste hori ustel bihur daiteke. Hasteko, ez delako zertan anabasarik sortu. Horretarako, bi gako daude: herritarren parte hartzea eta egoki birziklatutako hondakinei aterabide eraginkor bat ematea, behar diren azpiegiturak martxan jarrita.

Birziklatzearekiko herritarren konpromisoa eta atxikimendua zalantzan jartzen dute alderdi eta hedabide askok. Inor ezin dela birziklatzera behartu esaten dute —alegia, herritarrek nahi beste kutsatzeko eskubidea dutela— beste arlo gehienetan zigorra, isuna eta betebeharra aldarrikatzen duten berberek. Zalantzazkoa da hori. Izan ere, herritarrei zuzen eta ulertzeko moduan azaltzen bazaizkie gauzak, esku hartzeko aukera aktiboa ematen bazaie, konpromisoa hartzen dute.

Ez baita ahaztu behar: etorkizuneko mundu hobe bat irudikatzen du zero zabor sistemak. Inor gutxi harrotuko da ondorengoei hondakinez betetako mundu bat uzteagatik. Gehienez ere axolagabe agertuko da, edo bere eskuetan ez dagoela aldarrikatuko du. Baina, ahalegin txiki bat eginda, ingurumenarekin errespetuz eta ondorengoekin arduraz jokatzen duen herritarrak harro egoteko arrazoiak izango ditu. Eta, laster, Gipuzkoa beste eredu baten erreferente bihur daiteke, Euskal Herrian eta munduan. Horrek, etsitzeko baino gehiago, harrotzeko arrazoia emango die herritarrei.

Eta, bestalde, azpiegituren atala dago. Egia da aldundiko eta hondakinen partzuergoko aurreko kudeatzaileek makina bat ahalegin egin zituztela errauste planta atzera bueltarik gabeko proiektu bat izan zedin. Horretarako, bankuekin oso baldintza estuak negoziatu dituzte, gipuzkoarren etorkizun ekonomikoa baldintzatuta. Baina ez dute lortu helburua. Garai berri bat zabaldu da, eta hobe litzateke guztiak—gobernua eta oposizioa, herritarrak, finantza erakundeak eta enpresak—lanean hastea %70-80 birziklatuko duen hondakinen kudeaketa berri batean. Behar diren azpiegiturak eraikiz, esaterako. Aro berri honetan denak dira beharrezkoak, eta, nahi izanez gero, denentzat dago tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.