Hizkuntza osoak daude, eta hizkuntza erdiak. Hizkuntza osoek legeak dauzkate, dekretuak, arauak, ordenantzak... eta zigorrak eta isunak jarriko dizkizute hark arautu bezala erabiltzen ez badituzu. Hizkuntza erdiek aitorpenen bat izan dezakete, edo ez; legeren bat izan dezakete, edo ez; baina ezin dute isunik eta zigorrik jarri; isunik eta zigorrik ez, borondatezkoak dira. Hizkuntza osoek behartu zaitzakete berau ezagutzera; hizkuntza erdiek limurtu, erakarri, liluratu egin behar zaituzte, ezagutu eta erabil ditzazun. Hizkuntza osoak konstituzionalak dira, hizkuntza erdiak dialektalak dira, gutxiengoarenak, barbaroenak, mendiko hizkuntza.
Euskara arau, lege edo dekretu jakin batera ekartzeko ahalegin bat izan zen Patxi Baztarrikaren taldeak orain lau urte aurkeztu zuena; Euskararen Legea 1982an onartu zenetik, lehendabiziko ahalegin serio antzekoa. Saltoki handietako batzuk euskara erabiltzera behartzeko ahalegin bat, zigorrak oso lausoak zituen arren; dena esateko, hizkuntza urraketa kasu bakoitzak zer zigor ekarriko zuen ez zuen zehazten dekretu hark, UPD, PP eta PSE puntu horrekin egoskortu badira ere.
Eta, hala ere, ahalegin bat zen, hizkuntza erdi bat hizkuntza osoen parera eramaten hasteko saio bat, 25 urteren ondoren lehena. Hizkuntza erdiak ezingo du zigorrik jarri; lasai lo egin dezake hizkuntza osoak.
Analisia
Hizkuntza erdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu