Igandeko bozen emaitzak irentsi ezinda daude PSE-EE eta PP. Are, bi alderdiotako buruzagi nagusiek etorkizuna ez dute argi ikusten. Duela hiru urte eta erdi garaile irten zirenek lurra jo dute, eta kolpea gogorra izan da. Orduko garaipenak oinarri sendoak izango balitu bezala, oinarri sendoak zituela sinetsita baleude bezala.
Errealitate egoskorrak erakutsi die oker zebiltzala. Alderdien Legea baliogabetuta, ETAren indarkeria behin betiko amaituta, ikusi dute Araba, Bizkai, Gipuzkoako herritarrak ez direla eurek uste zutena. Engainaturik zebiltzan, oraindik dabiltza, nahiz eta euren ustez herritarrak diren engainatuak.
Berea «ETA garaitu zuten legegintzaldi gisa» gogoratuko dela dio oraindik Patxi Lopezek, behin baino gehiagotan Jesus Egigurenek «bakearen alde kiskali ez izana» leporatu dion arren. Murrizketarik egin ez duen gobernua izan dela dio, baina egin ditu murrizketak.
PSE-EE XXI. mendera egokitzeaz mintzo da orain Lopez; berebelaunaldiak —Ares, Prieto, Pastor...— egin lezakeen galdetu beharko luke lehenbizi. Eusko Legebiltzarretik at jarri dute dagoeneko haren alderdiko hainbatek, baina hark, oraingoz, halakorik ez du erabaki.Datorren urte hasierako kongresura itxaron nahi du. Bitartean «oposizio arduratsua» egingo duela iragarri du.
PSE-EEk ez du oraindik egin belaunaldi aldaketa prestatzeko urrats sendorik. Lopezek utzita,alderdia XXI. mendera egokitzeko hautagai gazte asko ez daude; Mikel Torres eta Eduardo Madina lirateke, agian, ongien kokatuenak.
Etorkizuna gehiago zehaztu zaio Antonio Basagoitiri, edo berak zehaztu du. PPk lehendakari izaten jarraituko du hurrengo kongresura arte, baina ez da gehiago Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai aurkeztuko. Iñaki Oiartzabal izan liteke haren hurrena, edo, beharbada, Mari Mar Blanco. Miguel Angel Blanco zenaren arrebari lekua egingo dio PPk Eusko Legebiltzarrean, bozetan hautatu ez badute ere.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozen ondorena. Analisia
Iraganeko garaileen lur jotzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu