Agur modu horixe maite huen bereziki, Joan Mari, gure adiskide Manex Erdozaintzirengandik ikasia. Ez adiorik!
Mendian hirekin ibili izan garenok edo ibili direnengandik jakin dugunok ezaguna diagu hire mendiko martxa: besteok baino indartsuagoa eta bizkorragoa izanik hi, eta mendi-bideetako gidari, aurreratu egiten hintzen mendian gora; eta besteok ahal genuen neurrian segika atzetik. Baina tarteka geratu egiten hintzen, eta atzekoen zain itxaron, berriro elkarrekin, taldean, nondik norakoa ikusi eta gailurrerako bidea erabakitzeko.
Bada, horrelaxe ezagutu dizkiagu hire burubide eta jokabidea euskal kulturgintzako aldapan gorako igoera luze honetan ere. Heure ekimenez eta ekinez aurreratu haizenean hainbat egitasmo abian jartzeko, jakin izan duk itxaronaldia egiten, eta bilera antolatzen —bat edo gehiago—, proiektuaren norakoak elkarrekin aztertu eta eztabaidatzeko, taldearen proiektu, plangintza eta langintza bihurtzearren. Talde-lana predikatu diguk beti Jakin taldean, eta talde-lana antolatzen saiatu haiz.
Beste gauza bat ere erakutsi izan diguk argi: euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren eremuak bere autonomia onean egin behar dituela bidea eta lana. «Euskara — Euskal Kultura — Euskal Herria» burubidetzat hartuta Jakin-en, autonomia eskatu eta zaindu izan duk arduraz: erakunde publiko nahiz alderdi politikoekin errespetu eta elkarlan egokian, baina bere bidetik. Eta asmatu egin dualakoan eta digualakoan gaudek.
Heuk gidatu eta bateratu izan duk gainera Jakin laukote «historiko» hau azken urte luzeotan. Uste genian besteok hire aurretik joan behar genuela. Orain murriztuta gelditu duk taldea.
Hiruron aldetik, bihotzez, ez adiorik, Joan Mari!
Jaun-andreok, euskal kulturgintzaren alorreko langile eta gidari handietan handia joan zaigu, egile eta eragilea, bultzatzaile eta koordinatzailea: kazetari eta idazle oparoa, euskal kulturaren ikertzaile kritiko saiatua, euskal kultur ekimenen sustatzaile kementsua, euskal kulturako enpresa-zuzendari eta kudeatzaile eraginkorra; eta, euskaltzain urgazle gaztetatik eta euskaltzain osoa 2009tik aurrera, Euskara batuaren defendatzaile eta praktikatzailea, batasuna ofizialdu aurretik ere. Hori dena eta gehiago izan dugu Joan Mari Torrealdai. Betiere, Jakin aldizkaria eta proiektua bere ekimenen eta lanen ardatz.
Ez adiorik!
JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak