Darwin eta gu

Jobs

Pastor
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Steve Jobsen heriotzak tristezia zabaldu du mundu osoan, batez ere komunikazio teknologiarik berrienak eskura ditugun herritarron artean. Gure mundu digitala beste era batera amestu eta eraiki zuena joan da. Umezurtz utzi omen gaitu. Aitor dezadan: ni ere tristatu naiz Jobsen heriotzaren berri jakinda. Miretsi egiten nituen haren lanak eta haren filosofiaren alde batzuk. Jobsen heriotza sentitu dut, baina hau ere argitu beharra daukat: gehiago hunkitu ninduen Vicente Ferrerren heriotzak, duela bi urte.

Geure ideia eta subjektibitateen menpe bizi gara, eta horrek gure sentimenduak bideratzen ditu. John Lennonen heriotza, esaterako, Jobsena baino gehiago sentitu nuen —eta beste batzuena ere bai, baina hobe ez esatea, ondorio penalik izan lezake eta—. Facebookeko hormetan Steve Jobs 1955-2011 BB idatzi duten askok ez dute jakingo Ferrer nor zen. Ferrerren heriotzagatik Indian negar egin zuten askok ez zekiten, ez dakite Jobs nor zen. Ez zuten Facebook, horman dolumina agertzeko: Vicente Ferrer 1920-2009 BB. Beste mundu batekoak dira.

Ferrer ez zen talde iraultzaile bateko militante armatua. Misiolaria zen, eta, iPada izan ez arren, gu baino irribarretsuagoak diren gizon eta emakumeen alde egiten zuen lan. Gizon ona zen. New Yorken, Jobsen heriotzak eragin du negarra; Anantapurren, Ferrerrenak eragin zuen. Bizitza ulertzeko modu diferenteak ditugu geure munduan eta beste mundu horietan. Guk komunikatzeko beharra daukagu —askotan komunikazio hori azalekoa bada ere—. Haiek, beste haiek, tripazorria hil behar dute. Nork, zerk jarri dituen egoera horretan ondotxo iradoki du Frei Betto teologoak: «Akatsak egin arren, miseriaren globalizazioa ez du Txinako sozialismoak ekarri».

Jobs hil egin da, eta emozioak arrazoia lausotu du. Izan da, hasiera batean, Appleko burua Leonardo da Vincirekin konparatu duenik. Gero, hotzago mintzatu dira hedabideak: «Appleren sortzaileak ez du ezer garrantzitsurik asmatu, baina gailu erakargarri eta erabilerrazak sortu ditu», idatzi du horietako batek. Jobs Leonardo da Vinci? Bere inperioa Sokratesekin hitz egiteko aukera izatearen truke aldatzeko prest zegoena gorritu egingo litzateke, hori aditzeko bizirik balego. Izan ere, Jobsek ondo zekien Da Vinci nor zen. Jobs argia, azkarra, ameslaria, apurtzailea zen. Komunikatzaile bikaina eta businessman ezin hobea, giza harremanak negozio bihurtzen asmatu zuelako, hain zuzen.

Dan Gillmorrek, herritar kazetaritzaren aitak, bete-betean asmatu du Steve Jobsen lana neurtzean. Haren ustez, Jobsen ekarpen onena, «seguruenik», Stanfordeko Unibertsitateko ikasleei esaniko hitzak ditugu: «Zuen denbora mugatua da, ez galdu beste baten bizitza biziz. Ez zaitzatela dogmak harrapa, ez bizi besteen pentsamenduetara makurtuta». Horazioren carpe diem hura, alegia. Ni gehiago astindu ninduten hitzaldi hartako beste hitz hauek: «Inork ez du hil nahi. Zerura joan nahi duenak ere ez du hil nahi hara heltzeko. Heriotza denok partekatzen dugun patua da. Inork ez dio ihes egin. Eta halaxe izan behar du, heriotza baita, seguruena, bizitzaren asmakaririk onena. Heriotzak bizitzaren aldaketa eragitendu. Zaharra kentzen du, berria ekartzeko».

Stanfordeko diskurtsoa. Horixe Steve Jobsek utzitako ondarerik preziatuena. Doan da, edozein iPod, iPhone eta iPad baino askoz hobea. Heriotza bizitzaren asmakaririk onena. Latza, gero! Aiseago barneratuko dugu Appleren azken gailuaren funtzionamendua Jobsen esaldi estoiko hori baino. Zerura joan nahi ez dutenek ez badute hil nahi, nolatan onartuko dugu patu latza zerurik ez dugunok? Gizakiak gara. Gizatiarrak. Manhattaneko duplex dotoreetan eta Anantapurko txabola zikinetan. Malko digitaletan edo azafraizko negarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.