Aspalditik du Donostiako Udalak asmoa Loiolako kuartel infraerabilia eraitsi eta Zubietara eramateko. Kariño berezia hartu zioten duela hamarkada bat baino gehiago Gipuzkoako agintariek Zubietari: kartzela, erraustegia eta kuartela.
Espainiako armadak Loiolan daukan kuartelaren zatirik handiena —hiru laurdenak edo— itxita dago azken urteotan. Ez da erabiltzen. Hain da eskasa kuartel horren erabilera, Bizkaiko Garrellano kuarteletik eramaten baitituzte soldaduak guardia egitera Loiolakora. Historian geratu dira Loiolako kuartelak auzo horretako bizitza sozioekonomikoan eragile nagusia ziren garaiak.
Hamar urte baino gehiago pasatu dira orduko alkate Odon Elorza Madrilera joan zenetik Espainiako Barne Ministerioarekin Loiolako kuartelaren etorkizunaz hitz egitera. Ezaguna da Espainiako armadako arduradunek ez zutela begi onez ikusi gobernu militarra Donostiako alde zaharretik Loiolako kuartelera eramatea. Gobernu militarrak hiriaren erdian edukitzea dute gustuko militarrek, erakustea alegia, eta aldaketa horrekin bisualitatea galdu egiten zuen Espainiako armadak Donostian. Ezkutatu bailiran sentsazioarekin hustu zuten portu sarrerako jauregia.
Orduko egoera ekonomiko onarekin, eraikuntza sekula gelditzen ez zen diru makina zen —biztanle berriak, zergak, plusbalioak...—, eta Loiolako kuartelaren lurretan auzo berri oso bat eraikitzeko asmoa zeukan Elorza alkateak. Horretarako, bota egin behar zen kuartela. Asmo horrekin joan zen alkatea Defentsa Ministeriora kuartela oso gutxi erabiltzen zela inork baino hobeto zekiten arduradunei hirigintza egitasmoa aurkeztera. Erantzun bakarra bezain irmoa eman zioten ministerioan Elortzari: "Loiolako kuartela itxi aurretik, eskainiguzu lur bat Gipuzkoan kuartel berria eraikitzeko, Espainiako armadak beti edukiko baitu kuartel bat Gipuzkoan, beti". Irtenbide erraza zeukan pentsatua Elortzak: Zubieta. Erosoak ez diren egiturak kokatzeko Gipuzkoako agintariek daukaten leku kuttuna. Jende gutxi bizi da, ezin zarata handia atera.