Ia astirik gabe, eta legegintzaldia hasi bezain pronto, lehendakari berriak erronka handiei egin beharko die aurre. Hauteskunde kanpainatik ondorioztatu ahal izan denez, hiru lehentasun izango ditu mahairen gainean: krisialdi ekonomikoari aurre egitea, bizikidetzarako akordio demokratiko bat lortzea eta estatus politiko berri baterako oinarriak ezartzea. Hurrenez hurren. Nola eta norekin egingo dien aurre lehentasun horiei ikusteko dago oraindik.
Igandetik aurrera eta, beharbada, igandean bertan ere hasiko da bidea argitzen. Eusko Legebiltzarraren osaerak, baina, egoera paradoxiko bat sor dezake. Batetik, gerta daiteke inoizko gehiengo abertzaleena izanda ere akordio nazionalik ez egotea, ez gobernua osatzeko orduan, ez legegintzaldian. Eta, halaber, gerta daiteke gehiengo ezkertiarra egonda, haien arteko akordiorik ez lortzea. Aipatutako lehentasunek eta horiek aurrera ateratzeko beharko den denborak markatuko dute aliantzen jokoa.
Krisialdi ekonomikoa da lehentasunen artean aurrena. Urgentziazkoena. Gaur-gaurkoz EAJk eta PSE-EEk agertu dute gertutasun handiena. Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko modua partekatzen dute. Eta oso urrun daude EH Bilduren planteamenduetatik eta gizarte eredutik. Argigarria izan daiteke gogoratzea herenegun gauean lehendakarigaien artean ETBn eginiko eztabaidako pasarte batzuk. Urkulluk onartu zuen gobernu berriak murrizketak egin beharko dituela. «Murrizketak egin beharko direla argi esan duen bakarra ni izan naiz», adierazi zuen, Lopezek zehaztasunak eskatu zizkionean. «Izan gaitezen zintzoak», gaineratu zuen aurrerago, Lopezen adostasun keinuen artean. Murrizketak izango direla bai, baina marra gorriak zeintzuk izan behar duten ere bai partekatzen dute bi alderdiek, eta denek, oro har: ongizate estatua. Gai horretan zehaztasun falta leporatu zion Lopezek Urkulluri. Baina kritika hori gehiago dirudi bere boto-emaileei eusteko mugimendu taktiko bat bi alderdien sakoneko distantzia bat baino. Horren barruan kokatu beharko litzateke, adibidez, Urkulluk bere proposamenak azaldu zituenean Lopezek leporatzea bere gobernuak aurrera atera dituen neurri berberak direla. Zehaztasun falta horrek, gainera, mesede egingo diolakoan dago EAJ. Ez baitu aldez aurretik kanpoan utzi nahi aurrera begira bidelagun izan dezakeen inor.
Beste kontu bat da zerga erreforma. Hori egitearen alde azaldu zen Urkullu, baina, beste behin, zehaztasun handirik eman gabe; nahikoa, halere, sozialistak ez urruntzeko. Alor horretan PSE-EE gertuago dago EH Bildutik, Gipuzkoan ikusi den moduan, baina gastu politikan, alde nabarmena dago bi alderdien artean. Mintegik Lopezi leporatu zion Madrildik inposatutako murrizketak betetzea. Ezer ez egitea horiei aurre egiteko. Eta zer esanik ez azpiegitura handien gaian. Urrun, oso urrun daude bi alderdiak. Eta gertu EAJ eta PSE-EE.
Bizikidetza izango da hurrengo lehentasuna. Hauteskunde kanpainan gutxien aipatu den gaia izan bada ere, hurrengo legegintzaldian garrantzi berezia izango du. Eta, neurri batean, estatus politiko berri baterako bidea markatuko du. Alderdi guztiak ados daude garai berria sendotu behar dela. Baina krisialdiaren gaian bezala, hor ere nabariak dira aldeak. Alderdi guztiek, eta EAJk bereziki, EH Bilduri leporatzen diote ETAren jardun armatuari buruzko azterketa kritikoa ez egitea. Pilota koalizioaren zelaian jarri dute, baina guztiek dituzte erantzukizunak. Aieteko Adierazpena hor dago. EAJ eta PSE-EE bertan izan ziren, eta jakin badakite zeintzuk diren askatu beharreko korapiloak: presoak, biktimak, memoria, berriz ez gertatzeko bermeak...Azken finean, bizikidetzarako akordio demokratiko bat adostea. Bide horretan, asko lagundu dezake Eusko Legebiltzarreko bakegintzarako lantaldeak. Gakoa litzateke PP ere adostasun horietara ekartzea, legebiltzarrean konpromisoak ateratzea, gero, Madrilen, eskaera bateratua egiteko.
Oraingoz, zaila dirudi adostasunak. Gai horretan eta, are gehiago, estatus politiko berriaren alorrean. Horri ekin aurretik, aurreko fasea itxi nahi du EAJk. Eta EH Bilduk ere bai. Nekez uler daiteke, besteak beste, presoen auzia itxi gabe eta gatazkaren konponbideari buruzko akordioa lortu gabe, koalizioak indar guztia jartzea independentziaren mesedetan. Jakin badaki, gainera, herenegungo eztabaidan Urkulluk gogoratu zion bezala, bakarrik gera daitekeela horretan. Bi alderdiak bat datoz oinarrian, baina ez forman. EAJk ere badaki gaur-gaurkoz ate guztiak itxita dauzkala Madrilen. Hori jakinda, norekin saiatuko litzateke bide hori urratzen? Eta zer egingo luke ezezkoaren ondoren? Lopez hitz egiteko prest azaldu da. Ez independentziari buruz. «Ez dut oztopatuko, baina parez pare izango nauzue». Eta Basagoitik? Independentziaren aurka dago. Argi. Baina ez du bestelako proposamenik egin. Oraingoz.
Denbora beharko da, beraz. Ez, agian, gobernua osatzeko.Mintegik adierazi zuen moduan, «badakizue gobernu akordioa duzuela, eta nik ere badakit hori». Lopezek barrez eta urduri puntu batekin ezetz erantzun zuen. Urkullu isilik geratu zen. Gauza jakina da jeltzaleen lehentasuna gobernua berreskuratzea dela. Urkullu eta Lopezen arteko harremanak ez dira batere onak izan legegintzaldi honetan. Baina Bilbo eta Madril ez dira hain urrun egon.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa
Lehentasunak eta denborak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu