Duela hiru urte eta erdi egin ziren hauteskundeen emaitzek osaera faltsua eman zuten Eusko Legebiltzarrean. Ezker abertzalea legez kanporatuta, milaka boto baliorik gabe geratu ziren, haiek ere legez kanpo. Legebiltzar hartan hiru indar handi agertu ziren, EAJ, PSE-EE eta PP, eta lau indar txiki, Aralar, EB-Berdeak, EA eta UPD. Txikitasunean ugaria zen alderdi horien presentzia.
Igandeko hauteskundeek bestelako joera bat erakutsiko dute, seguruenik. Lau alderdik daukate ziurtatuta presentzia Eusko Legebiltzarrean. Gainontzekoek ez. Gainontzeko horietan, UPD dago alde batean, PPren eskuinean, mezu gero eta erradikalagoekin, duela hiru urte eta erdiko anormaltasun politikoari esker lortutako eserlekuari eusteko bide bakarra Araba, Bizkai, Gipuzkoako eskuin mutur espainolista —eta PPren ohiko boto-emaile kontserbadoreena— mobilizatzea izango balu bezala.
UPDren beste muturrean kokatzen dira euren burua ez espainolistatzat eta ez independentistatzat jotzen duten alderdi ezkertiar-ekologistak: Ezker Anitza eta EB-Berdeak federalistak, eta herritarren erabakitze eskubidea aldarrikatzen duen Equo-Berdeak taldea.
Hiru alderdiok bosgarren espazioa aldarrikatu dute, sinetsita baitaude EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP iristen ez diren baina Euskal Herrian badiren hautesle batzuk ezin direla baztertu, eta eurek ordezka ditzaketela ongien.
Hiru alderdi espazio bera okupatu nahian, espazio hori oraindik sendotu gabe dagoela. Hauteskundeok azkarregi iritsi zaizkie. Hirurek dakite bosgarren espazioa murritzegia dela sakabanatuta aurkezteko, eta, egoera deitoratu arren, ez dira ados jarri; ados jartzeko denbora ere falta izan dute, eta ez dira elkarrekin aurkeztu, diferentziak diferentzia, jakitun diren arren sakabanatuta boto asko galduko direla bidean. Horri gehitu behar zaio alderdi txikiak izanik tarte gutxi dutela hedabideetan eta, euren mezua iristeko zailtasuna izateaz gainera, askotan baten mezuak bestearena irents dezakeela, puntu askotan proposamen asko berdintsuak dituztelako.
Urtebete eta gutxi da EB eta Ezker Anitza zatitu zirela. Zatiketa kanpotik ere salomonikoa izan da; Espainiako Izquierda Unidak Mikel Aranaren alderdia hartu du bere egitura federalean. EAEko hauteskunde batzordeak, berriz, EBri onartu dio zatiketa aurreko Ezker Batuaren oinordetza. Hain denbora gutxian nekez ezaba daitezke zatiketak eragin zituen zauriak, eta, bistan da, ezin izan dira elkar hartuta aurkeztu bozetara.
Equo ere saiatu da bozetara batera joateko akordio bat lortzen. Hitz egin du bi alderdiekin, baina, azkenean, bakarrik aurkeztea erabaki du, akordioak lortzeko lan gehiago egin behar zela iritzita. Equok ez zituen emaitza txarrak izan EAEn Espainiako Gorteetarako bozetan, hauteskundeetara aurkeztu zen lehenbizikoetan. Aitor Urresti lehendakarigaiak gutxienez parlamentari bat lortzeko erronka hartu du.
Igandean ikusiko da bosgarren espazio horrek lekurik baduen Eusko Legebiltzarrean. Oraingoz, inkestei begiratuta, Ezker Anitza ageri da eserleku bat edo bi lortzeko aukerarekin.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boz jarioa
Lekurik bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu