Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia

Lidergo berria osatu bitartekoa

Pello Urzelai.
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, Hego Euskal Herrian lau indar nagusiak nahiko paretsu gelditu dira. Halako berdintasunik ez da inoiz egon. Lehenengotik laugarrenera 12.584 botoren aldea bakarrik. PP-UPNk 336.101 boto lortu ditu, Amaiurrek 333.628, PSE-PSNk 326.761 eta EAJk 323.517 (Geroa Bairen botoak gehituz gero, 365.928). Emaitza horiekin, lau indar nagusien arteko alde hauekin, nekez hitz egin daiteke indar baten nagusigo edo lidergoaz. Berdinketa sentipena handia da, baita abertzale/espainolista aldagaiaren ikuspuntutik ere. EAJ-Amaiur-Geroa Bai multzoak 699.556 boto bildu ditu eta PP-UPN-PSE-PSN multzoak 662.862 (hau da, 36.694 botoren aldea). Emaitza berdintsu edo parekatu horiek direla eta, galdera honako hau da: alderdi bakoitzaren igogailua norantz doa, gora edo behera? Aurrera begira, zein da alderdi bakoitzaren joera?

Lehendabiziko datu garrantzitsua PP-UPNk eta PSE-PSNk osatutako multzoak izan duen beherakada da. Bien artean, 2008ko hauteskundeetan 890.913 boto lortu zituzten. Igande honetan, aldiz, 228.051 boto gutxiago eskuratu dituzte. Maiatzeko foru hauteskundeetan baino gehiago, baina 2008ko Kongresurako baino askoz gutxiago. Gainera, indar abertzaleen azpitik geldituta.

PP eta UPN-PP koalizioa, Hego Euskal Herriko sailkapenean lehen posizioa lortu arren, ez da indartsu agertu igandeko hauteskundeetan. Oro har, bien artean, 2008an baino boto gutxiago bildu dituzte. Araban, PPk irabazi ditu hauteskundeak, 2008ko antzeko kopuruarekin, baina ez du lortu alderdi sozialistak zeukan nagusigora hurbiltzea. Bizkaian eta Gipuzkoan, ez du Espainiako olatua hartu, ez du aurrera egin, eta laugarren indarra izan da. Nafarroan, UPN-PP urruti gelditu da 2008ko emaitzatik, baita joan den maiatzean UPNk eta PPk bakoitzak bere aldetik bildu zuten kopurutik ere. Horrez gain, Nafarroako beste indarren emaitzak ikusita, esan daiteke UPNren posizioa ahuldu egin dela. UPN-PSN koalizio gobernuari eusteko arazorik ez badu ere, gehiengo alternatiboaren tokia lortzen ari da.

Sailkapenaren bigarren tokian Amaiur ageri da, 333.628 botorekin, zazpi diputatu eta hiru senatarirekin. Bilduren marka gainditu du, 17.439 boto gehiago lortuta. Aralarrek maiatzean 37.242 boto lortu arren, erronka zaila zen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Bilduren maila gainditzea. Bizkaian, PSEren atzetik gelditu da, eta boto kopuruari eutsi dio (122.000), eta, Araban, hirugarren tokia eskuratu du, EAJren maila gaindituta. Gipuzkoan, berriz, nagusigoari etagainerako alderdiekiko abantailari eutsi dio. Amaiurrek lortutako emaitzekin, koalizioa osatzen duten lau alderdiek egindako apustua indarturik suertatu da. Denak gustura gelditzeko moduko emaitzak lortu dituzte; kontu garrantzitsua da kohesioari begira. Nafarroan, besteak beste, Uxue Barkosen erakartzeko gaitasuna dela medio, Amaiurrek ez du bete bigarren indarra izateko helburua. Apustu horretan motz gelditu da, baina aurrera begira eremu abertzaleko erreferente nagusi bilakatu da. Berari egokituko zaio UPNri aurre egiteko estrategia konpartitua lideratzeko ardura.

Alderdi sozialista, beheraka doan alderdi gisa agertu da igandeko hauteskundeetan. Beste hiru indar nagusien pare gelditu bada ere, 2008tik botoen %40 galdu ditu, estatu osoan gertatu den antzera (%38). Krisi sakonean sartu da alderdia, eta Eusko Jaurlaritzan gotortuta bezala agertzen da.

EAJk 2008ko emaitzak hobetu ditu (%5), baina maiatzeko foru hauteskundeetako emaitzen azpitik ibili da (%3). Oro har, eutsi egin dio egungo posizioari (Geroa Bairen emaitzekin indartuta), eta ez da gaizki gelditu hurrengo erronkari (Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei) heltzeko. Baina lidergoa galdu du, baita Euskal Autonomia Elkargoan ere. Amaiurrek neurria hartu dio. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, joan den maiatzeko hauteskundeetan EAJk Bilduri 60.270 botoren aldea atera zion. Oraingoan, 38.989 boto bakarrik. EAJk boto gehien Bizkaian biltzen du, eta Gipuzkoan eta Araban ahul ageri da. Litekeena da desoreka hori areagotzea, lehendakarigaia azkenean bizkaitarra eta BBBrekin lerratutako politikari bat bada.

Aurtengo bi hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta, lidergo bakarreko garaia amaitutzat eman daiteke. Lidergo berria eratu arte, lidergo partekatuaren garaia izango da. Logikoena litzateke estatus berri bat nahi duen gizartearen gehiengoa ordezkatzen dutenek osatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.