Egoera errotik aldatu da denbora gutxian. Baina PP ez dago eroso, eta, oro har, estatuko aparatuak ere ez. Raxoiren gobernua pausorik ez emateko estrategian murgilduta dago, eta, horretarako, ETA desegiteko eskaera erabiltzen ari da ezkutu gisa. Jarrera horren atzean, arrazoi taktikoak badaude, baina ideologikoak ere bai. PP ez dago eroso, ikusten duelako egoera berrian euskal independentismoa indartzen ari dela. Era berean, mugi dadin presioa nabaritzen hasi da PP, eta era defentsiboan jokatzen ari da. Horregatik, Amaiur eta Bildu legez kanpo uzteko eskatzeko UPDk aurkeztutakomozioak areagotu egin du PPren deserosotasuna. Erantzuna defentsiboa izan da. Behartuta bilatu du testu alternatibo bat.
Baina PSOEren laguntza izan du. Azkenean, emaitza Madrilen neurriko testu bat izan da. Batetik, «demokraziaren garaipena» nabarmendu nahi izan dute PPk eta PSOEk. Bestetik, indar politikoen arteko elkarrizketaren helburuak mugatu eta debaluatu dituzte: ETA desegiteko eskatzea, «terrorismoaren biktimekiko» konpromisoa indartzea eta «Zuzenbide Estatuaren balio eta printzipioetan oinarritutako elkarbizitza soziala» sustatzea. Normalizazio politikoa edo espetxe politika malgua kanpoan gelditu dira. PPk eta PSOEk hitzartu duten testua urruti gelditu da oso 1998an eta 2005ean Kongresuak onartu zituen ebazpenetatik. Patxi Lopezek eta Iñigo Urkulluk Mariano Raxoiri berriki egin dizkioten planteamenduetatik ere oso urruti gelditu da. Hala ere, PPk eta PSOEk hitzartutako testuak erraz eta merke lortu du EAJren sostengua. Ramon Jauregik, esate baterako, estatuaren bide orritzat jo du testua, baina Aieteko Adierazpena babestu eta defendatu duen EAJrentzat zaila izan behar du tesi hori bere egitea.
Adostutako testua, azkenean, balio parlamentariorik gabe gelditu da, UPDk ez duelako utzi bozkatzen. Ikusteko dagoena da ea PPk baliatuko duen pausorik eman gabe jarraitzeko, desegiteko eskaera aitzakia gisa hartuta.
Garai berri baten aitorpentzat aurkeztu nahi izan dute sozialistek adostutako testua, baina Guardia Zibilak argi utzi du egun berean garai berria ez duela gogoko eta nahiago duela burua lehengo lepotik eduki. Andoainen eta Tolosan egindako operazioa konponbidearen agenda atzeratu nahi dutenen estrategiaren isla besterik ez da.
ETAren jardun armatuaren amaiera. Eztabaida Espainiako Kongresuan. Analisia
Madrilen neurrira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu