Frontoi itxura hartu du Mariano Raxoik euskal ordezkariei erantzuteko orduan. Pilota guztiak bueltatzen ditu, erantzun gabe. Dena den, frontoi berezia, pilota bera izan arren ezberdin itzultzen duelako nork jaurtitzen duen kontuan hartuta. Adibide bat jartzearren, EAJk, Amaiurrek eta Geroa Baik hirurek planteatu zioten Raxoiri salbuespeneko espetxe politika aldatu beharra. Halaber, Antiguedadek eta Barkosek Nafarroako Parlamentuak hartu berri duen erabakia aipatu zioten. Raxoik beste alde batera begiratu zuen, gai zehatza saihestuz. Baina Erkorekari erantzun zion esanez prest zegoela hitz egiteko ETAk jardun armatua behin betiko uztearen ondorengo egoeraz. Antiguedadi, ordea, ETAren desegitearen leloarekin erantzun zion. Bi aldiz. Eta legalitatearekin. Barkosen kasuan, ez zuen gaia aipatu erantzunaren txandan.
Formetan ezberdina izan arren, mamian erantzun bertsua da: konpromisorik ez, hitz erdirik ez gatazkaren ondorioei buruz zein euskal herritarren eskubide nazionalei buruz. EAJri interlokuzioa eskaini bai, baina neurririk ez, pauso zehatzik ez. Ez arre, ez so. Zehaztasunik gabeko hitz hutsak baino ez.
Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak Raxoiri ezetza ez bozkatzeko «arrazoi sendoren bat» eskatuz amaitu zuen lehen hitzaldia; edo euskal industriarekiko eta ikerketarekiko «konpromiso zehatzen bat», edo «zerbait» bakea sendotzeko planei buruz, edo «bermeren bat» krisiaren kontrako neurriek ez dutela autonomien eskumenak urratuko. Raxoik hitz egiteko prestasuna baino ez zion eskaini, eta EAJ konformatu egin zen. Ezetza alde batera utzita, abstentzioa hautatu zuen, ezer zehatzik lortu gabe (datorren astean agian zehaztuko den zerbait kenduta).
Konponbidearen gaian, EAJren hitzaldian exijentzia maila nabarmena izan bazen ere (espetxe politikaren aldaketa, Aieteko Adierazpenaren erreferentzia, Tony Blairren gomendioen oroitzapena...), euskal eskubide nazionalen defentsa ahula izan zen. Paragrafo labur bat baino ez zion eskaini Erkorekak. Autogobernuaren garapenari eta Konstituzioaren Xedapen Gehigarriari—Raxoik arazorik gabe bere egin zuena— lotutako aipamena nagusitu zen. Amaiurren jarrera sendoagoa izan zen euskal nazioaren eskubideen alde. Independentziaren eta euskal estatuaren aldeko jarrera argia azaldu zuen Amaiurrek Espainiako Kongresuan. Hala ere, gai honetan giltza Euskal Herrian dagoela nabarmendu du Amaiurrek. Madrilen eskakizunei erantzun zehatzik ematen ez duen frontoi batekin topatu arren Euskal Herrian prozesua ez dagoela geldirik ohartarazi du. Hor legoke Madrilgo jarrera aldarazteko gakoa.
Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa. Analisia
Madrilgo frontoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu