Maite Asensio Lozano.
Analisia

Maletak egiterako, beranduegi

2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Matxismoa faxismo bat dela esan zuen Luisa Etxenike idazleak ostiralean, hitzaldi batean. «Erabat antidemokratikoa da», erantsi zuen, demokrazia batean ezin ulertuzkoak izan beharko luketelakoan berdintasunaren aurkako jokabideek; areago andreen aurkako bortizkeriak. Baina matxismoa ez dator beti bakarrik: genero indarkeriaren biktima, emakumezkoa ez ezik, beltza ere baldin bada, arrazakeria eraman ohi du eskutik helduta.

Botere harremanek elikatzen dituzte faxismoak: emakumeen eta gizonen artekoek, matxismoa; beltzen eta zurien artekoek, arrazakeria. Baina mozorro berriekin heldu dira biak XXI. mende hasierara. Matxismo eraberrituak ekarri du andreek etxeko lanen herenak egiten dituzten gizonekin bizitzeaz zorioneko sentitzea, nahiz eta jakin lanon erdia dagokiela. Eta arrazakeriaren ondoriozko jarrera kolonialistak ekarri du etorkinek ondo bizitzeagatik barkamena eskatu behar izatea, nahiz eta bertakoek nahi ez duten lanetara kondenatuta egon.

Ezkontza andreen jabetza eskuratzeko tresna izan da gizon askorentzat. Historiak irakatsi digu jabetzak, sarri, lapurreta dakarrela: emakumeen bizimodua eskuratzeko autonomia kendu behar zaie. Hala, ezkontzak etxekoandre bihurtu izan ditu emazteak tradizionalki: gizonaren elikadura, garbiketa, zaintza eta sexu «beharren» —aginduen— mende, senarraren zerbitzura. Gizon matxistentzat ezkontzak beti dira komenientziazkoak.

Abagune horretan, arriskua handiagoa da emakume etorkinentzat, ez mendekoagoak direlako, baizik eta gizon matxistek mendekoago ikusten dituztelako; emakume eta beltz izateagatik zoriontsu izateko eskubiderik ez balute bezala; gizon zuriari betiko esker ona adierazi beharko baliote bezala. Etxetik alde egiteko maletak prest omen zituen Binta Keitak; orduan azaleratu zen gizon zuriak ez daudela prest euren jabetza diren emakume beltzak joaten uzteko.

Azter genezakeen zein laguntza jasoko zukeen Keitak alde egitea lortu izan balu. Baina haren hilketak agerian utzi du, beste behin ere, lehenago egin behar zaiola aurre bortizkeriari. Luisa Etxenikek azaldu zuenez: «Ahalegin guztiak indarkeriaren ondorioetan jartzen segituz gero, iturrietan ipini ordez, ez da nahikoa izango, baliabideak areagotuta ere». Bestela, maletak egiterako beranduegi izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.