Egun gogoangarria izan da. Sentimenduek toki handia izan dute ETAren erabakiak eragindako erreakzioetan, espero zitekeen bezala. Gehienak poz sentimenduak izan dira, edo itxaropenezkoak. Baina gazi-gozoak eta kontrajarriak ere izan dira. Sentimenduek, noski, bere bidea izan behar dute. Halako abagunea hurkoak gogoan izateko egokia delako.
Ikuspuntu politikotik, nazioarteko ispiluak irudi argiagoa ematen du egunotako emozioak baino. Aro berriaren izaeraz eta neurriaz ohartzeko laguntza ezin hobea da munduko pertsona ezagunek egindako gogoetei kasu egitea. Emozioaren denbora lausotzen denean, halabeharrez heldu beharko zaio aro berri honek ekarri dituen erronka politikoei.
Argi dio Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohi eta Aieteko Konferentziakosustatzailetako batek: «Askotan, bakearen ideia desegiten da hitz ederren atzetik akordio zehatzik eta hauek garatzeko mekanismorik ez datozenean». Horregatik, «bake prozesuarekin engaiatzeko» dei egin dieKofi Annanek Espainiako eta Frantziako gobernuei.
Era berean, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak garrantzi handiko artikulua idatzi du garrantzi handiko egunkarian, hain zuzen ere, TheNew York Times-en. Basque Peace da Tony Blairren artikuluaren izenburua. Aieteko Ebazpenaren defentsa egin du Blairrek, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek «gatazkaren ondorioez hitz egiteko» ETArekin hitz egin behar dutela nabarmendu du. Aipatutako bi adibide hauei, Bill Clinton, Ban Ki-moon, edo Bertie Arhenen adierazpenak erantsi ahal zaizkie. Euskal Herrian bake iraunkorra eta benetako demokrazia eraikitzeko eginkizuna nazioarteko agendan dago, bete-betean, eta Espainiak bereziki, urratsik egin ezean, nazioarteko komunitatearen presioa sentituko du, azkenaldian arlo ekonomikoan pairatu duen bezala.
Euskal eremuan ere urratsen beharra dago. Elkarrizketa politikoa ate joka dago. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere entzun du kolpeen soinua, eta «ordezkaritza instituzionala duten alderdi eta koalizio guztiekin» elkarrizketak hasteko prestasuna agertu du. Joan den hilabetean bakeari begira dekalogo bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta orduan kontuan hartu ez zuen puntua erantsi behar izan dio orain dekalogoari, elkarrizketa politikoarena, alegia. Gernikako Akordioaren sinatzaileek bilera eskatu zioten Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren ondoren, eta gaurdaino ez die erantzun. Badu nondik hasi.
Aro berri honen hastapenetan akordio biltzaileak lehentasuna badu ere, aldi berean, Euskal Herria euskal herritarren borondatearen arabera eraikitze aldera urrats eta akordioak lantzeko garaia hasita dago, aitzakiarik gabe. Ilusio berrituaz, aukera berriak baliatu ahal izango dira aurrerantzean.
ETAren jardun armatuaren amaiera. Analisia
Munduaren begiradapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu