Euskal presoak. Gutuna

Noiz arte?

2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Mikel Egibar euskal presoaren emazteak eta seme-alabek istripua izan zuten abuztuaren hasieran Zuerako espetxetik itzultzen ari zirela. Seme-alabek senda-agiria jaso dute aste honetan; erabat osatzeko, baina, denbora asko beharko dute. Emazteak, aldiz, ospitalean jarraitzen du, hobera egin duen arren. Istripua salatzeko gutuna igorri dio Egibarrek BERRIAri

Burdinen artean askatasunaren oihuak ihes egiten du. Sakabanaketak sorrarazitako burdin nahaspiletatik bizitzaren edo heriotzaren oihuak negar zotinka ihes egiten du. Askotan errepide istripuak patuarekin lotzen dira. Baina sakabanaketaren ondorioz diren istripuak patuarekin lotu ahal dira? Ez. Sakabanaketaren helburuetako bat presoen zein beren senideen artean izua sortzea da, eta horretarako noizbehinka derrigorrez istripuak jazo behar dira. Oraingo honetan, bi ume eta ama bat izan dira Estatuaren «lorpena». Zorionak zuen koldarkeriagatik!

Azken urte honetan, asko gara Euskal Herriko egoera politiko soziala guztiz indarberritzeko konpromisoa hartu dugunok. Iraganean bizitako sufrimendua ez errepikatzeko belaunaldi berria bultzatu behar dugu. Espero dut Eñautek eta Iratik bizitza osoan azalean eramango duten orbainek ez dietela oztoporik jarriko belaunaldi berri horren kide izateko; beraiek, txikitatik pairatzen ari baitira Estatuaren biolentzia gordina. Nahiz eta jakin istripu honen arduraduna zein den, ez diot inori barkamenik eskatzen; ez baitut sinesten sentimendu batean, erretorika politikoaren bitartez zentzua manipulatzen zaionean. Barkamenik ez, baina bai errekonozimendua; Estatuak onar dezala sakabanaketa dela gatazka biolentoaren tresna bat, eta nire senide zein bortizkeri hori pairatzen duten euskal preso politiko guztien senideek jaso dezatela gutxieneko errekonozimendua.

Ez nuke lerro hauek bukatu nahi esker ona adierazi gabe. Mila esker lagunak, etxekoak, kideak, ingurukoak, herrikoak, Zaragoza bertatik jasotako elkartasuna: zuen elkartasun eta maitasunik gabe garratzagoak lirateke bizitako une ilunak.

Azken hitza, zuretzat, Josu: animo, eta mila esker guztiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.