Ene lagunok, izugarri sentitzen dut, baina ikuskizuna bukatu da. Jakin badakit gozatzen ari zinetela, baina hasiera duen orok du bukaera, eta amaitu da gaurko fandangoa. Mila esker parte hartzeagatik, eta ez ahaztu aterkia irtetean, kanpoan euria gogotik ari du eta.
Bai, gustura baino gusturago zeundeten.
Eta entzun al huen Urliaren erantzuna? Eta Sandiak… hori duk azala, hori! Eta erreparatu al hion Berendiaren alkandorari? Itsusia zunan, itsusia!
Zoritxarrez, bukatu da. Parke tematiko batean bi aste pasatu eta gero errealitatera itzuli beharra dago. Eta zer da errealitatea?
Krisia. Ekonomia. Zorra. Inbertsioak. Kultura.
Ez, kultura ez, kulturak ez baitu botorik ematen.
Baina izan gaitezen positiboak. Pentsa dezagun hemendik X urtera —nik zer dakit, bost, hamar, hogei urtera…— irribarre bat marraztuko dugula ezpainetan 2012ko hauteskunde kanpaina gogora ekartzean. Eta barre egingo dugu. Eta kuadrillako afarietan ondokoei galdetuko diegu ea nola ote zuen izena xelebre hark, telebistako eztabaidetan independentziaz besterik hitz egiten ez zuen unionista garai hark, eta inork ez du gogoratuko, eta ez zaio inori axolako.
Eta, une batez, nostalgia sentituko dugu. Izan ginenaren nostalgia. Bizi izan ginenaren eta sekula santan itzuliko ez denaren nostalgia.
Eta pentsatuko dugu askoz ere dibertigarriagoak zirela iraganeko hauteskunde kanpaina urrun haiek, artean Espainia izeneko gauzaki artifizial, xelebre eta absurdo bateko parte gineneko hauteskunde kanpaina haiek.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan
Nostalgia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu