Portugaleteko lunpeneko tabernarik galduenean amaitu dute mitin osteko ospakizuna Felipe Gonzalezek eta Patxi Lopezek. Total eginda daude biak, beste hark esango lukeen bezala, alkoholimetroaren mugari pasada polita emanda. Sabaiko txorizo zintzilikatuetatik barrara zuzen eroritako koipe tantak El Correo zahar batez nola edo hala garbitu, eta hantxe ipini dituzte ukondoak, kokospean gintonik bana dutela. Felipe eta Patxi, X eta Y, zein baino zein.
Edanak zintzurreko inkontinentzia eragiten baitio, hitz eta pitz ari da lehena, «katalan aluak tar tar tar, koiunturak ahalbidetuta tar tar tar, Segundo Marey tar tar tar, Galindo tar tar tar». Prakak ere galdu behar ditu oraingoan.
Lehendakarigaiari, berriz, barneko tristurak astindu dizkio gainean daraman simaurrak. Kulunka luze baten ostean, masailetik behera egin dio ihes malko batek; xirrist, plok, gintonikeraino erori da perla.
«Alferrik ari nauk, Felipe, alfer-alferrik», etsi du errukarriak, sabaiko txorizo muturra dirudien bere mihia gobernatu duenean, «terrorismoari amaiera eman, euskara ikasi, murrizketei eutsi… Eginahalak eta bost egin eta zertarako, Felipe», eskua bihotzera eramanda. Arrantza betean lehertu da gero, «uaaa, Herriak ez nau maiteeee, uaaa!». Zaragozatik ere aditzen zaio.
«Isildu ezak durundi gogaikarri hori!», agindu dio ekuazioko inkognitak, bultzaka txiza-parrastada botatzera daraman bitartean. Sudurzuloak marra eta erdi kokaina kabitzeko moduan zabaldu, arnasa sakon hartu eta marmarka hasi da bere baitarako: «Ostia, beste baba-lasto bat Ferrazerako».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan
Ordu txikitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu