Eusko Legebiltzarra. Osoko bilkura. Analisia

Oroimen zulatua

Pello Urzelai.
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Patxi Lopez lehendakariak berak aitortu du: «Ez dut aurkeztu bake plan bat, konpromiso bat aurkeztu dut». Iragarria izan arren, ez du bake planik proposatu. Bakegintzaren harira, gogoeta luze baten ondoren, hamar puntuko konpromiso bat besterik ez du proposatu. Puntu gehienak ezagunak dira. Batzuk printzipio orokorrak dira, besteak ETAri eta presoei egindako ohiko eskariak. Berritasuna espetxe politika aipatzean izan da: dinamikoa, malgua eta adostua proposatzeaz gain, presoen «hurbiltze progresiboa» aipatu duelako. Betiere «gizarteratzeko xedean oinarrituta», eta «gizarteratzea laguntzen duenean». Horrez, gain, «sistema demokratikoa onartu eta legalitatea betetzen duten pentsamolde guztiek» aitortza legala izatearen alde agertu da.

Une politiko honetan, EPPK-ren azken agiriaren ondoren eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordea osatu ondoren, presoak hurbiltzearen aldeko aipamen hori baliotsua da, horren beharra gizarteratzeko laguntzen duen heinean. Baina, aldi berean, ahula da, berandu iristen delako eta urruntze eta sakabanatze politikak eragindako oinazea ez duelako aitortzen.

Bakegintzaren inguruan Patxi Lopezek egin duen hitzaldiari denbora desfase bat antzeman zaio. Gaurkotu gabeko bertsio baten itxura du, gertaeren atzetik datorrena. Adibidez, ETAren su-etena egiaztatzeko nazioarteko batzorde bat osatu dela eta lanean hasi dela kontuan hartu gabe idatzitako hitzaldia.

Lopezen diskurtsoaren beste bi ezaugarriak «garaileen kontakizunaren» defentsa eta auzi politikoaren ahanztura izan dira. Memoriaren aldarrikapena egin du Lopezek. Proposamen zehatz bakarra Memoria eta Tolerantziaren Institutua sortzea izan da. Baina proposatutako oroimena selektiboa da, estatuaren eta agintarien erantzukizuna alde batera uzten duena, gertaeren kontakizuna egitean osatu gabeko zerrendak eskaintzen dituena. Izan ere, abusu polizialak eta torturak ez dira denbora batez iraun zuten diktaduraren hondarrak, eta ez dira funtzionario batzuen kontua. Iraganaren kontakizuna era jakin batez egiteko tema norberaren erantzukizuna ezkutatzeko modu bat besterik ez da. Era berean, «elkarbizitzarako eskubidea» aldarrikatzea erabakitzeko eskubideari ihes egiteko modu bat besterik ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.