Hondarribiko alardea. Analisia

Plastiko beltzak itzuli dira

ainara arratibel gascon
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Azken aldiz 2006an atera zituzten. Baina atzo, bost urte geroago, berriro ere plastiko beltzak itzuli ziren Hondarribiko kaleetara. Alardean emakumeak soldadu gisa ateratzearen aurka daudenek hala agertu zieten ezinikusia alarde parekideko kideei. Oraingo honetan, Herrizaingo Sailak Jaizkibel konpainiari ezarritako debeku eta ibilbide aldaketek hauspoa emanda atera dituzte plastiko beltzak. Erabaki horrekin urte hauetan berdintasunerako bidean eman diren pausoetan atzera egin nahi izan dute Hondarribiko Udalak eta Jaurlaritzak. Izan ere, ez da ahaztu behar Herrizaingo Sailak emandako ebazpena Hondarribiko Udaltzaingoak egindako txosten batean oinarritu dela. Segurtasun arrazoiak argudiatuta hartu zuten erabakia. Baina kale jendetsu eta esanguratsuenetatik entseatzea eta desfilatzea debekatuz, inguruko kaleetara bidaliz, ikusezin egin nahi izan dute Jaizkibel konpainia. Horixe da, hain zuzen, arazo bat ez konpontzeko, denboran luzatzeko bideetako bat: ikusezin egitea.

Agenda arazoak argudiatuta, Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria atzo ez zen izanHondarribian. Deigarria da emakumeen eskubideen alde egiten duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde publiko nagusiko burua han ez izatea, azken urteetan han izan baita beti.Baina are deigarriagoa, Herrizaingo Sailak ibilbidea aldatzeko erabilitako argudioak ontzat eman izana. Batez ere kontuan hartuta, haren zeregin nagusia emakumeen eskubideen alde egitea eta berdintasuna sustatzea dela.

Baina bost urte hauetan gauzak aldatu egin dira. Jaizkibel konpainia inoiz baino jendetsuagoa izan da aurten. Sekula baino kide gehiago irten dira, eta babes handia izan dute ibilbide osoan zehar. Baina, batez ere, Jaizkibel konpainiak aurten berriro ere hauxe erakutsi du: alardearen inguruan dagoen arazoa behin betiko konpontzeko duen borondatea. Beren nahi bakarra jaian berdintasunez parte hartzea da. Mespretxu, irain eta debekuen gainetik, modu baketsuan, eserialdi baten bidez agertu dute Herrizaingo Sailaren erabakiaren aurkako jarrera. Batzuen zein besteen aldarte eta borondatearen isla da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.