Eusko Jaurlaritzak hutsik ez duela egin dio; Deisy Mendozaren kasuan genero indarkeriko kasuetan ohikoa izaten den protokoloari jarraitu diola, aparteko gorabeherarik gabe. Salaketa bat jarri zuen andreak, eta urruntze agindua zuen ezarria haren bikotekide ohiak; une horretatik aurrera, biktimak ez zien gehiago inoiz arazorik aipatu. Larrialdietarako eskuko telefono bat zuen andreak, eta, ustez, dena ondo zegoen. Bikotekide ohiak astelehen arratsaldean kalean labanaz hil zuen arte. Hara bertsio ofiziala. Emakumearen gertukoek, ordea, bikotekide ohia sarri jazartzen zitzaiola diote, usu hurbiltzen zitzaiola ondora, eta egin zituen laguntza eskariak antzuak izan zirela. Zaila da bi bertsio kontrajarri horiek adituta akatsik, era formalean, izan zen argitzea. Ukaezina da, ordea, porrot egin dela, berriro ere, genero indarkeriaren biktimak babesteko zereginean.
Berriro ere. Ez delako lehenbiziko aldia. Hernanin (Gipuzkoa), uztailaren 3an, Rosario Roman hil zuen haren bikotekide ohiak. Aurretik, hirutan gutxienez, salatua zuen gizona, baina ez zioten babes neurririk jarri. Kasuon larriak argi uzten du beste konponbide batzuk behar direla. Ez da ahantzi behar, gainera, bi kasuhoriei beste asko gehitu behar zaizkiela: aipatu bi hildakoez gain, beste bi ere izan dira aurten dagoeneko, eta erasoak eguneroko kontua dira.
Egoerari aurre egiten laguntzeko proposamenik ez da falta. Berriki, esaterako, bizkartzainak batzen dituen elkarteak egin du berea; politikari eta kargu publikoen artean egin beharreko lana urritzen ari zaiela eta, prest azaldu dira emakumeen bizkartzain aritzeko. Erantzuna berehala eman dute genero indarkeriaren kontra diharduten elkarteek: hori ez da bidea. Etenik gabe zaintzapean egotearen zama eta lotsa ezin zaie ezarri biktimei; ez, behintzat, modu orokortuan. Mugimendu feminista beste proposamen bat ari da lantzen: autodefentsa landuz, emakumeak eragile nahi ditu, eta beren buruaren jabe. Garrantzitsua da bide horretan aurrera jarraitzea. Ezinbestekoa da, ordea, mendeetako mendekotasunaren arrasto astuna gainditzen ez den bitartean, mehatxupean dauden andreei zaintza egokia eskaintzea; horretarako, aurren-aurrena, administrazioko eragileek aintzat hartzen dituztela sentitu behar dute, eta haien laguntza eskariak ez direla garrasi isilak.
Emakumeen aurkako indarkeria. Hilketa Bilbon. Analisia
Porrota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu