Pastor
Darwin eta gu

Tatuajeak

2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Chetan eta Sarju hiru ezaugarrik lotzen dituzte: lehengusuak dira; 17 urte dituzte, eta Indian lanean esplotatutako umeak izan dira. Indiako 1.200 milioi biztanleen %40 dira 18 urtez beherako umeak. 35 milioi haur ari dira lanean bertan, egunero 8-12 orduko txandetan, nekazaritzan edo lantegietan. The New York Times egunkariak argitaratutako erreportaje batean ageri denez, horien artean daude Chetan eta Sarju.

Haurren Lanaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen asteartean. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak duela 10 urte aukeratu zuen ekainaren 12a, munduan lan egiten duten adingabeen egoera salatzeko. Jarduera horren aurkako kontzientziazioa hedatzea, estatu bakoitzak dituen lege eta araudiak aldatzea ez da erraz lortuko. Esplotazio horren sustraietara joan beharko litzateke, oinarri sozioekonomikoak irauli. Jarduera hori onartzen duten estatuek argudiatzen dute halako lana behar dela hazkundeari eusteko, beste irtenbiderik ez dagoela. Eta ezikusiarena egiten dute, sarritan umeak langileak ez ezik esklaboak ere badiren arren.

Hemen saltzen dizkiguten produktu asko eta asko haurren eskubideak errespetatzen ez diren herrialdeetan eginak dira. Apenas dugun aukerarik kontra egiteko. Arropa Europan diseinatzen da, baina Asian ekoizten dute. Diseinu europarra dugu; materiala eta langileak, ostera, asiarrak. Hitz potoloetatik haratago, arazoa konpontzeak ez du lehentasunik. Ekainaren 12an hedabideei begiratu besterik ez dago. Zenbat manifestazio egin ziren asteartean munduan barrena, haurren lanaren aurkako egunaren harira? Eta Euskal Herrian? Ume langileak hor daude, eta, egoera benetan aldatu ezean, hor segituko dute luzaz.

Chetan eta Sarju gazteek itxurazko markako arropa koloretsuak janzten dituzte, merkeak baina Indian total fashion direnak. Alde horretatik, traza berekoak dira. Gauza batek bereizten ditu bi lehengusuak, baina: Chetani tatuajerik ez egiteko eskatu zion amak, eta hark agindu zuen ez zuela gorputza tatuatuko. Sarjuk, aldiz, ez zuen halako promesik egin etxean.

Tatuajeek hesi sozial guztiak hautsi dituzte egun. Leku guztietan daude, edozeinen azalean. Berdin dio Mumbaiko Jogeshwari suburbioan —bertakoak dira bi mutilak— edo Londresko Chelsea auzo pijoan. Tatuajeak hedatu egin dira, baina lehen zuten konnotazioa galdu dute. Larruan marrazkia zuen pertsonaren inguruko misterioa desagertu egin da. Tatuajea sozializatu egin da, baina balioa galdu du.

Lehen, pedigria behar zen tatuaje bat egiteko. Legearen beste aldean edo legearen ertzean ibiltzen zen jendearen ezaugarria zen tatuajea: piratak, abenturazaleak, presoak, marinelak, prostitutak… Lehen, tatuajea zuena estigmatizatuta zegoen. Carné edo Duvivierren errealismo poetikotik irtendako pertsona izan zitekeen. Orain, 20 urteko gazte nini batek erakusten du tatuatutako besoa, gurasoen BMW dotorea gidatzen ari den bitartean. Lehengo marinelek St Pauliko ostatu ilunetan grabatzen zuten lortu ezinezko amorantearen izena. Orain, gela dirdiratsuetan tatuatzen dugu gure azken eta betiereko maitasunaren seinalea. Halaxe egin zuten duela zortzi urte Bk eta Pk. Bihotz bana tatuatu gerrian behera, izterraren hasieran. Bihotz gorriaren erdian, bien izenak, gezi batekin. Duela gutxi banandu ziren. Amodioa ez zen, espero bezala, bizi osorako izan. Tatuajea, ordea, bai. Zer sentituko du orain maitale berriak, bikotekidearen izterra gozatzen hasi eta aurreko maitalearen bihotza laztantzen duenean?

Sarjuk lau tatuaje ditu: batean Chamela hitza grabatu du, amaren izena; beste batek magia beltzaren ondorioz hil zen lagunaz oroitzeko balio dio; hirugarrena aitari eskainia da. Azken tatuajeak hiru gurutze ditu. Apaiz kristau bati dedikatu dio Sarjuk. Txikitan bizi zen auzoan jana eta arropa banatzen zituen. Eta esperantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.