Udaberria ate-joka da, eta erleak aurki hasiko dira lore batean eta bestean ziztaka, erlauntzari eusteko asmoarekin. Udaberria heldu aurretik hasi da herrietako lorategiak ernatu nahian BERRIA Taldea, bilerak-eta antolatzen, ziztadak biltzeko ekinaldiak prestatze aldera. Euskarazko eguneroko nazionalak eta herrialdeetako eta eskualdeetako kazetek aurrera egingo badute, nahitaezkoa da inguruko komunitatearen babesa jasotzea, hedabideek eurek sortutako diru sarreretan eta diru laguntzetan izandako jaitsierak ataka zailean utzi baitituzte. Mezu hori gizarteratzea da herriz herri egiten ari diren lanaren helburua, euskaltzaleengana iristea, egoera zertan den azaltzeko. Eskualdez eskualde hasiak dira jadanik ekinaldiak-eta prestatzen.
Bigarren faseari ekin dio BERRIAlagunak biltzeko kanpainak. Interneteko lorategian dabiltzan erleen artean egin zuen lehen saioa, eta orain, herrietan. Emaitza ona izan dute orain arte: 1.645 BERRIAlagun badira jada. Jende ezaguna ere bada tartean. Kanpainari atxikimendua agertu diote dozenaka kirolarik, eta bertsolariak ere ari dira pixkana-pixkana, BERRIAn egunero bertso bat argitaratzen. Aurrez, BERRIAko eta Euskaldunon Egunkaria-ko langileek eta langile ohiek eta euskalgintzako eragileek egin zuten bat deiarekin. Sektore gehiagok agertuko dute atxikimendua.
Trukean, abantailak
Haiena ez ezik, BERRIA Taldeak kaleko jendearen, euskaltzaleen, babesa jaso eta sentitu nahi du. Erlauntz berean lanean ari direla ikusi. Bai baitaki gero eta jende gehiago joaten ari dela BERRIA Taldearen erlauntzera, paperera eta sarera; inoiz baino irakurle gehiago bai, baina ez diru gehiago. Inguruko horiengana guztiengana heldu nahi du, komunitatearengana, auzolanerako eskaintza eginez eta ekarpen bat eskatuz.
Diru ekarpenak egiteko deia ari da zabaltzen BERRIA Taldea, eta erraztasunak jarri ditu horretarako: Interneten egin daitezke, edo banatzen ari diren eskuorrien bitartez. Ziztadari ordaina emango dio, gainera: BERRIA PDF bidez igorriko diote BERRIAlagunari, txartel bat eta informazio buletinak jasoko ditu, eta deskontuak izango ditu produktuetan. Eta ez hori bakarrik: euskarazko eguneroko prentsari eusten hartuko du parte, BERRIA egunkariari eta herrialdeetako eta eskualdeetako Hitza kazetei hauspoa ematen.
Helburu jarritako 5.000 ziztadak biltze aldera, herrietan segituko du loreak ernetzen BERRIA Taldeak. Datorren astean, bilera irekiak izango dira Gipuzkoan: Urretxu-Zumarragan, Azkoitian, Hernanin eta Irunen. Larunbatean, Euskal Herrian Euskaraz-ek Donostian egitekoa duen manifestazioan mahai bat jarriko dute, kanpainaren berri helarazteko.
@Zure ziztada behar dugu kanpainari buruzko berri honako webgune honetan:
www.berria.info/berrialaguna
Zure ziztada behar dugu
Udaberriko ziztaden zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu