Azken hamarkadetan fisikariek unibertsoaren oinarrizko osagaiei eta osagai horien arteko elkarrekintzei buruzko eredu estandarra garatu dute. Horren arabera, unibertsoaren ohiko materia ikusgaia quarkez, leptoiez (leptoietako bat elektroia dugu; beste bat, neutrinoa) eta elkarrekintzak gauzatzen dituzten partikulez (haietako bat fotoia dugu) osatua dago.
Eredu estandarra teoria bikaina da, esperimentuen bitartez haren iragarpenak zehaztasun handiz baieztatu baitira, behin eta berriro; baina eredu estandarra ez da izan gai azaltzeko zergatik oinarrizko partikula batzuek masa duten. Adibidez, fotoia (elkarrekintza elektromagnetikoa gauzatzen duen oinarrizko partikula) masa gabekoa den bitartean, W oinarrizko partikulak (elkarrekintza ahula gauzatzen duenak) masa ez-nulua du.
1964. urtean Higgsek eta beste fisikari batzuek oinarrizko partikulei masa ematen dien eremu baten existentzia teorizatu zuten. Eremu horri Higgs eremua deritzo, eta dagokion partikulari, Higgs partikula.
Partikula hori behatu ahal izateko, orain arte gure eskura egon ez diren energia oso handiak behar dira; baina, duela gutxi, energia erraldoi horiek eskura izango zituen Hadroien Talka-Eragile Handia (Large Hadron Collider) martxan jarri zen CERN laborategian. Ordutik hona, CERNeko zientzialariak buru belarri aritu dira Higgs partikularen bila.
Atzo, CERNeko bi esperimenturen emaitzen berri eman zitzaigun: ATLAS eta CMS esperimentuak dira horiek. Bi esperimentuotan bosoi berri baten aztarna aurkitu dute, eta bosoi berri horren masa Higgs bosoiari aurreikusten zitzaionarekin bat dator. Lana ez da bukatu, hala ere. Esperimentu gehiago egin behar dira, bosoi berriaren propietateak aurreikusitako Higgs bosoiaren propietateekin bat datozen ziurtatu ahal izan dezagun. Edonola ere, oso garai interesgarria zabaltzen da gure begien aurrean, aurkikuntza honen bitartezUnibertsoaren nolakotasunari buruzko zenbait misterio argitzeko aukera izan baitezakegu, hala nola materia ilunarena eta partikula supersimetrikoen existentzia, besteak beste.
Plazaratu den albistea, Unibertsoaren ulermenaren garapenean giltzarri izango dena, biziki garrantzi handiko aurkikuntza dugu, zalantza izpirik gabe.
Zientzia. Higgs bosoia. Analisia
Unibertsoaren ulermena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu