Imanol Murua Uria.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia

Urkulluren eredua

2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Titularra argia da: EAJk irabazi du. Zehatzago: Urkulluk irabazi du. EH Bilduk emaitza onak izan ditu, ezkerreko independentismoak inoiz baino indar handiagoa izango du Eusko Legebiltzarrean, baina irabazle nagusia EAJko lehendakarigaia da. Bera izango da lehendakaria.

Ustekabe nagusia Gipuzkoan gertatu da. EH Bilduk lehen postuari eutsi dio, baina EAJren arnasa kokotean sentitu du oraingoan, 2011ko bozetan ez bezala. Udal bozetan 14 puntu kendu zizkion Bilduk EAJri, batzar nagusietako bozetan 11 puntu, eta Espainiako hauteskundeetan 12 puntu (Amaiurrek). Orain, puntu batera ez da iritsi aldea. Batetik, hautesleek zigortu egin dute EH Bildu: botoen %35 izan zituzten Bilduk eta Amaiurrek 2011n, eta %32 lortu du EH Bilduk orain. Baina EH Bildu jaitsi baino gehiago, EAJk egin du gora. Nabarmen. Hamar puntu egin ditu gora: %22 ingurutik, %32ra. Badirudi PSE-EEk eta PPk galdutakoa jaso dutela jeltzaleek. Urkulluren ereduak funtzionatu egin du.

Araban ere aldaketa handia izan da: PP 2011ko bozetan lehen indarra izatetik laugarren izatera, eta EAJ laugarrena (Kongresurako) eta bigarrena (udaletarako) izatetik lehenengoa izatera. Baina ez da ustekabea. Raxoiren gainbehera Basagoitiren gainbehera da. Bizkaian, EAJk eutsi egin dio, eta EH Bilduk nahi lukeena baino gutxiago aurreratu du.

Krisi ekonomiko latzaren testuinguru honetan, Urkulluren moderazio mezuak arrakasta izan du. Nazio arazoari dagokionez, ohiko anbiguotasuna gorabehera, estatus berria hitzartzeko elkarrizketak agindu ditu EAJko lehendakarigaiak. Erabakitzeko eskubidea arautzeko negoziazioak hor koka ditzake EH Bilduk. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru herrialdeetan, konstituzionalistak herena besterik dira, eta abertzaleak bi heren. Bukatu da, oraingoz behintzat, erdia eta erdia garela dioen kontu hori. 1980ko hamarkadako proportzioetara itzuli gara.

Mundua ez daukagu begira, baina Espainiari begira dago. Eta Espainiari begiratzen dionean, gu ere ikusten gaitu. The New York Times-ek, Raxoiren estutasunei buruzko artikuluan (bat gehiago), esaldi gutxi batzuk baino ez zizkigun eskaini atzo: euskal hauteskundeek eragin handia izan dezakete Espainiaren etorkizunean, «indar zentrifugoek» emaitza onak badituzte. Atzoko emaitzekin, indar zentrifugoek garaipen erabatekoa izan dutela interpretatuko dute The New York Times-ek eta abarrek. Separatistak bi heren direla idatziko dute; Urkullu bart gauean garaipen hitzaldia ematen ari zela, jarraitzaileek «independentzia» oihukatzen zutela. Urkulluren eredua zenbateraino izango den zentrifugoa, hortxe gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.