Uste baino maldatsuagoa egin zaio Sarkozyri Euskal Herrira egindako bisita. Polizia kopuruak argi erakutsi du ez duela irudiari kalte egin diezaiokeen egoerarik nahi. Baina mendi zokoraino heldu dira abertzaleen gaitzespenak. Baionako karriketan parez pare entzun ditu independentziaren eta presoen aldeko oihuak. Arrautzak airez aire ibili dira inguruan, eta Frantziako hedabideek gaitzespen hori bildu dute. Egoera normalizatua igurikatzen bazuen, ez du horrelakorik atzeman.
Presoak hurbiltzearen alde dagoela erran du, «arazo teknikoak» egon arren. Gisa berean, ez du baztertu Ipar Euskal Herria lurralde elkargo batean biltzeko xedea. «Frantziako legedia errespetatzen bada, hautetsien gehiengoa alde bada eta bortizkeriarik gabe burutzen bada».
Euskal Herriko egungo prozesuari begira, garrantzia dute adierazpenek. Lurraldetasunaren gaia gatazkaren bukaerarekin lotu izan du orain artean. Presoen gaia zuzen-zuzenean lotu izan du Espainiako Gobernuak burutu duen politikarekin. Hurbilketaren alde dagoela adierazi du, jakinik Madrilen ere oihartzuna izango duela adierazpenak. Borondate politikoa dagoelarik, arazoek konponbide politikoa dute.
Agiantzek balio handia dute hautagaiaren ahoan. Presidentearen ahoan, ordea, ekintzez lagundurik behar dute. Heltzen ez diren seinale dira atzoko mobilizazioa, Baterak bihar eginen duen mobilizazioa eta martxoaren 31ko Deiadarra.
Sarkozy Euskal Herrian. Analisia
Uste baino maldatsuago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu