inaki petxarroman
Hondakinak. Gipuzkoako kudeaketa planaren garapena. Analisia

Zero zaborrerantz

2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Z ero zabor helburuaren bidean, egungo hondakinen kudeaketa irauliko duen plangintza bat jarri du mahai gainean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Murriztu, berrerabili eta birziklatu kontzeptuei, propagandatik harago, benetako zentzua eman diete, errauste plantarik eta zabortegirik gabe ere hondakinak kudea daitezkeela frogatzeko. Jarritako helburua—2016rako hondakinen %60 gaika biltzea, eta 2020rako %75— ausarta da, baina lor litekeela erakusten du hondakinen plan nagusiaren egokitzapenak.

Bi ardatz ditu bide orriak: organikoaren bilketa selektiboa herrialde osora zabaltzea eta hura nahiz jasotako gainerako hondakin guztiak egoki kudeatzeko azpiegitura sare deszentralizatu bat eraikitzea, hondakina sortzen den tokitik gertu kudeatzeko. Alegia, gertutasunaren printzipioa indarrean jartzea.

Organikoaren bilketa selektiboak berebiziko garrantzia dauka hondakinak kudeatzeko. Batetik, zaborrak nahastuta bilduz gero, berrerabiltzea eta birziklatzea zailtzen da, eta metanoa, lixibiatuak eta bestelako gai kutsagarri batzuk sortzen dira... Eta, bestetik, kontuan eduki behar daetxean sortzen diren hondakinen ia erdiak jatorri organikokoak direla. Beraz, gai organikoa jatorritik ondo kudeatzen bada, hondakinen kudeaketaren arrakasta ia ziurtatua dago.

Hondakinak atez ate biltzendituzten herriek erakutsi dute posible dela %80 inguru birziklatzea. Baina zer gertatuko da birziklatzen ez denarekin? Lehenengo, ahaleginak biderkatu beharko dira birzikla ezin daitekeen zatia ahalik eta gehien murrizteko. Eta, bigarrenik, zerora iritsi bitartean hiru planta mekaniko-biologiko sortzea proposatu dute. Haiek bermatuko dute birziklatuko ez diren hondakinek ez dutela kutsadurarik sortuko eta materia geldo moduan metatu ahal izango direla, hondatutako natur guneak lehengoratzeko.

Aldi berean, kutsatzen duenak ordaindu egin behar duelako filosofia aintzat hartu du testuak. Bide horretan, neurri fiskalak ezarriz gero, akaso orain arte atez ateko sistemaren aurka aritu direnek ere bi aldiz pentsatu beharko dute etorkizunean zer egin. Hondakinak gaika bildu ezean, herritarrei azaldu beharko baitiete zergatik ordaindu behar duten birziklatzen dutenek baino dezente gehiago zerbitzu beragatik.

Europatik datozen gomendioen eta politiken bidean pauso koherenteak ematen ari da Gipuzkoa. Oposizioak bi aukera ditu orain: plan berrian parte hartu eta ekarpenak egin; edota, orain arte bezala, oztopatzen saiatu. Baliteke EAJk, iragarri bezala, «trenen talka» bultzatzea. Jeltzaleek apustu horren arriskua ere neurtu beharko dute, ordea. PSE-EE eta PPrekin bat eginda botoen %35 dituen alderdia gobernutik baztertzeak espero gabeko ondorioak ere izan ditzake.

Izan ere, kontuan hartzekoa da plan berrituak orain arteko zenbait argudio pisuzko kendu dizkiela oposizioko alderdiei. Batetik, ez ditu udalak atez atekoa jartzera behartzen. Udalen esku utziko du pilota: birziklatu edo ordaindu. Eta, bestetik, oso kontuan izateko beste bi arrazoi: errauste planta baino askoz merkeagoa da; eta, gainera, dezente lanpostu gehiago sortuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.