Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailea agerian gelditu zen Arnaldo Otegi Gatzaren omenaldiagatik epaitu zutenean. Arnaldo Otegirenganako ezinikusia utzi zuen agerian. Hain agerian, ezen Auzitegi Gorenak berak errieta egin baitzion Angela Murillori, berak jarritako zigorra baliogabetuz eta epaiketa berriro eginaraziz. Epaiketa berriro egin zenean epaimahai berriak absolbitu egin zuen Arnaldo Otegi. Auzitegi Gorenak Gatza auziko epaia baliogabetu zuenean, Angela Murillo Bateragune auzia epaitzeko epaimahaiko buru izendatuta zegoen, eta Arnaldo Otegiren defentsak, logika osoz, errefusatu egin zuen. Orduan, Auzitegi Nazionaletik bertatik iradoki zioten Murillori hoberena abstenitzea eta auzia uztea izango zela, Auzitegi Gorenak epaiketa berriro eginarazteko arriskua zegoelako. Baina Murillok, temati, ezetz, berdin ziola Auzitegi Gorenaren balizko zuzenketa, berak epaitu nahi zuela Bateragune auzia. Jarrera hori, bistan da, zantzu txarra zen Bateraguneko auzipetuentzat. Eta epaiak —bost auzipetuentzako zigorrak— berretsi egin du.
Epaia, lehenik, bidegabea da, hain zuzen estrategia politiko-militarra indargabetu eta bide politiko hutsetan oinarritutako estrategia bultzatu dutenak zigortu dituelako. Gainera, egin dutenaren kontrakoa egotzita zigortu ditu.
Epaia irakurrita, nabarmenak dira aurreiritziak, eta nabarmena da zigortzeko borondatea. Epaimahaikoentzat auzipetuak ustezko errudunak dira, errugabetasuna frogatu behar dutenak. Ustezko errugabetasun printzipioaren kontra. Epaileek frogaren ardura ez dute akusazioen bizkar jarri. Ez die eskatu auzipetuek ETAren agindupean aritu zirela frogatzeko. Alderantziz, auzipetuei ezarri die ETAtik urrundu direla frogatu beharra. Baina urruntasuna eta desadostasuna adierazten dutenean, epaimahaiak ez die sinesten eta «estrategia defentsiboa» dela argudiatzen du.
Epaia ahula da oso. 144 orrialde ditu, baina bakar batean (42. orrialdean) saiatzen da zigorraren oinarriak defenditzen. Beste orrietan nagusi dira txosten polizialen laburpenak eta nahierara interpretatutako agiri bildumak. Bost «oinarrizko egitate» aipatzen ditu epaimahaiak epaiaren 42. orrialdean. Bostak erraz errefusatzekoa dira. Lehena, LAB sindikatuaren egoitzan izandako bilerak. Baina bilera horietan hitz egindakoaz ez dago datu bat ere. Beraz, biltze hutsa ezin da delitutzat jo. Bigarrena, Iparraldera egindako bidaiak. Baina epaimahaiak onartzen du ez dela frogatu ETArekin bildu zirenik, eta ez dago datu bat bera ere bidaia horietan hitz egindakoa ETArekin lotzeko. Hirugarrena, ETAren eta ezker abertzalearen dokumentuen arteko «kausa-efektua harremana». Epaiketan, baina, argi gelditu zen ETAren dokumentuetan agertzen ziren aurreikuspenak ez zirela bete. Laugarrena, ETAk eta ezker abertzaleak antzeko terminologia erabiltzea. Absurdoa da hitzen antzekotasuna delitu bihurtzea. Bosgarrena, ETAren «tesi armatuetatik benetako urruntasuna adierazten duen jarduerarik eza». Epaiketan esandakoak gutxietsi egin ditu epaimahaiak, eta, larriena, dokumentuetan ageri direnak saihestu ditu. Ez ikusiarenak egin du, zigorraren helburura iritsi ahal izateko.
Epaiaren atzean ez dago bakarrik epaimahai jakin bat: egoera berriari trabak jarri nahi dizkiotenak daude, aldaketa eragozteko edo atzeratzeko zigor politika balioetsi dutenak; hain zuzen, egunez egun sendotzen ari den egoera berri honetan galtzaile sentitzen direnak. Galtzaile, ez dutelako jasaten ezker abertzalearen estrategia aldaketak emaitza onak ekartzea edo Bilduk arrakasta izatea edo independentismoaren berpizkundea. Sektore horien artean sekurokratak dira, gatazka armaturik gabe boterea galduko dutenak. Haien eragin negatiboa kontuan hartzekoa bada ere, egoera berria nahiko sendotuta dago, eta orain arteko bilakaera ez da geldotuko, alderantziz baizik. Azkartu eta indartu egingo da.
'Bateragune auzia'. Analisia. Analisia
Zigorraren itsukeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu