Edo Moncloan. Zipaio hitza zentzu mugatu batean esan izan da hemen, polizia arloan, baina hara non baden beste testuingururik erabiltzeko. Lehengoan, argi utzi zuen hori Bartzelonako egunkari ezagun bateko zutabegileak, Espainiako presidente Mariano Raxoi deskribatzeko killer eta zipaio hitzak aukeratu zituenean: «Raxoi Merkel andrearen killer ona da. Espainiarrak pobreziaren biderantz eramateko egiten ari den soldatapeko hiltzaile lana merkatuko onena da», zioen kazetariak. Eta jarraian: «Hemen ezer ez da gertatzen errudunak aukeratuen kastako kideak sentitzen direnean, Ipar Europaren zipaioak direnean». Raxoi, killer eta soldatapeko hiltzailea. Raxoi, zipaioa.
Zer esan nahi du zipaio hitzak, baina? Hitz batek askotariko esanahiak izan ditzake. Hiztegiak ematen dion definizioaz gain, termino horrek baditu beste konnotazio batzuk, hizkuntza formalean onetsi ez arren herri hizkeran txertatuak direnak. Zipaio hitza da haietako bat. Haren esanahia ulertzeko, menpekotasun linguistikoan gaude euskaldunok. Hitzaren definizio osatuena espainolezko hiztegi batek ematen digu, ez euskarazkoak. Errege Akademia Espainiarraren hiztegiak hauxe dio: «Cipayo: (Quizá del port. sipay, y este del persa sepahi, soldado).1. m. Soldado indio de los siglos XVIII y XIX al servicio de Francia, Portugal y Gran Bretaña. 2. m. despect. Secuaz a sueldo». Lehen esanahian, kanpoko botereen zerbitzuan dagoen soldadua dugu zipaioa. Bigarrenean, soldatapeko jarraitzailea. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren on line edizioan begiratu, eta zipaio hitzaren arrastorik ez. Politikari hitzak sarrera bat du; lehendakari hitzak hiru sarrera ditu, ertzain hitzak beste. Zipaio hitzak, ostera, bat bera ere ez. Euskarak ez du zipaiorik, antza.
Zipaio hitza ia tabua da gurean; hura erabiltzeak ondorio txarrak ekar ditzake. Deitu zipaioa ertzain bati, eta, astintzeaz gain, baliteke zu auzipetzea ere, goizean goiz All-Bran gosaldu ez badu. Deitu zipaio lehendakari bati, eta akabo koplak. Espainian, aldiz, zipaio, killer eta soldatapeko hiltzailea deitzen diote presidenteari, eta ez da ezer gertatzen. Baten batek, edozein arrazoi argudiatuz, Patxi Lopezi edo beste lehendakari (ohi) bati zipaioa deituko balio, nola erreakzionatuko genuke herritarrok eta politikariek? Askok errespetu falta dela esango lukete, baita instituzioa iraintzea ere. Lehenengoa egia izan liteke, kasuaren arabera. Bigarrena, ordea, ez. Lehendakari edo presidente bati lapur, gezurti, traidore edo zipaioa deitzea ez da instituzioa iraintzea, kargua daukan pertsonaren kontra egitea baizik. Gustu onekoak edo gustu txarrekoak izango dira aukeratutako hitzak, baina pertsonari zuzenduak dira, ez erakundeari. Argiketari bat alferra dela esaten denean, pertsona jakin bat kritikatzen da, ez da lanbidea iraintzen. Badirudi Eusko Jaurlaritzako lehendakaria denik eta pertsonarik garbiena eta ohoragarriena izaten dela beti. Birjintasunaren eredua. Jainkoaren ordezkaria euskal lurrean. Iraina garbitzeko manifestazioak egingo genituzke, Frantzian prentsa satirikoak Mitterrand, Chirac edo Sarkozyri buruz esandakoen erdien erdiak esango balizkiote hemen gure lehendakari bati.
Espainiako presidentea zipaioa da, baina hori ez da oso gauza bitxia gaur. Gauden garaietan, agintari zipaiorik ez izatea da arraroena. Beraz, ez harritu inoiz EAEn lehendakari zipaio bat egokitzen bazaigu, orain artean egokitu ez bazaigu... Behin zipaioa izanez gero, Ajuria Eneko zipaioa, askotan, bi aldiz izango da zipaioa: Raxoi Ipar Europaren zipaioa da, baina gure kasuan lehendakari hori Ipar Europaren zeharkako zipaioa ez ezik, Madrilen zuzeneko zipaioa ere izango da. Zipaioa, killer eta soldatapeko hiltzailea, Bruselari men eta Madrili amen. Karguaren zina Gernikako arbolaren azpian egin arren. Jainkoaren aurrean apalik edo jainko barik harro.
Darwin eta gu
Zipaio bat Ajuria Enean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu