Aurreko legealdian Gipuzkoan eta Donostian agintean izan zirenen ikur bat bilakatu zen Zubieta. Hondakinen errauste planta ez ezik industrialdea eta espetxe berria hartuko zituen 105 hektareako orubea herrialdeko «garapenaren» oinarria izango zela agindu zioten gizarteari sarritan, eraikuntzan sineste itsua —eta beharbada zerbait gehiago ere— eduki duen klase politiko baten amets berritua.
Baina egoera politiko eta ekonomiko berria ustel bihurtzen ari da batzuen ustea. Errauste planta etorkizun politikorik gabeko proiektua da gaur-gaurkoz —herrialdeko eta udaletako egoera politikoa aldatzen ez den bitartean, behinik behin— , eta hori gutxi balitz, Madrilek atzera egin du —«oraingoz», dioenez— makroespetxearen proiektuaren eraikuntzan. Egitasmoaren obrak eten egin ditu Espainiako Gobernuak, ez duelako funtzionario nahikorik etorkizuneko instalazioetan lan egiteko. Krisiak zaputz dezake, beraz, espetxe berriaren asmoa.
Zubietako kartzelako lanak etetearekin batera, Eskuzaitzetako orubean egitekoak diren industrialde erraldoia ere —Gipuzkoako handiena— eror daiteke, domino efektuaren bidez. Hala, aurreko udal gobernuak Martutenera begira zuen hirigintza plana ere —Odon Elorzaren kuttunenetako bat— ezerezean gera daiteke.
Interpretazio bat baino gehiago egin daiteke egoera horri buruz. Batetik, estatuaren diru kutxen kinka larriaren ondorioz proiektu asko egon daitezkeela airean —baita ukiezintzat jo izan diren batzuk ere—. Bestetik, oposizioak etengabe dioenaren aurka, ez dela Bilduren gobernua Gipuzkoako «proiektu izar» guztiak bertan behera uzten ari dena. Eta, azkenik, norbaitek hartu beharko lukeela bere gain dozenaka hektarea larre, mendi eta baso eraitsi izanaren erantzukizuna. Izan ere, proiektu nagusiak pixkanaka ezerezean geratzen ari badira ere, ingurumen kalterik handiena eginda dago jadanik.
Analisia
Zubietako nahaste-borrastea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu