Zorraren krisia. Grezia. Analisia

Alemania 1930 ala Argentina 2000?

Juan Etxenike
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bi urte eta zortzi hilabete daramatzat Grezian bizitzen, eta nahi gabe aukera izan dut Europako Batasuneko lehen krisi ekonomikoa eta politikoa bertatik bertara ezagutzeko.

Ekonomikoki, Greziak Argentinaren bideari jarraitu dio. Greziak berea ez zen txanpona hartu zuen, euroa, nagusiki Alemaniako markoan oinarritutako dirua; Argentinan, berriz, bat-batean pesoak dolarraren pareko balioa hartu zuen, diru parekotasunaren bidez. Neurri horien bitartez bi herrialdeek debaluazioen eta debaluazioei lotutako inflazioaren zurrunbiloa eten zuten. Diru berriak, aurrekoak baino indartsuagoak, elkarri lotutako bi ondorio izan zituen: inportazio merkeak lortu zituzten, baina esportazioak zaildu egin ziren. Gainera, herrialde batean zein bestean klase politiko endogamikoa zeukaten eta ustelkeria maila oso handia zen.

2009an Greziaren urrezko hamarkada amaitu zen. Orduan argi geratu zen Grezia trebea zela bere diru kontuak makillatzen, 'kontabilitate sortzailea' egiten. Irakasle ona izan zuen: Goldman Sachs, munduko inbertsio banku handiena. Bi eratako trikimailuak egin zituen: alde batetik, gastu militarra ezkutatu zuen. Horri esker sartu zen euroan, txiripaz. Baina gezurrezko diru kontuei eusteko trikimailu gehiago behar zituen, eta Goldman Sachseko eman zizkion: Goldman Sachsen bezeroen zorra erostea, eurotan beharrean, beste moneta batean. Hau da, currency debt swap. Egunero egiten dira halakoak. Finantza sistemaren trikimailuak dira, dirua lortzeko.

Horri esker bete zituen 2002an euroan sartzeko baldintza makroekonomikoak, horri esker iritsi ziren interes tasa txikiko maileguak, Estatuarentzat zein herritarrentzat. Hamarkada horretan Grezia izan zen eurogunean gehien hazi zen herrialdea, Irlandarekin eta Espainiarekin batera. Ezustean, ikasle kaskarrena onena bihurtu zen.

Ezin zuen iraun. Goldman Sachsekin egindako trikimailuen ondorioz Greziak bonba bat zeukan sotoan. Eta bonba lehertu egin zen 2009 amaieran. Orduan jakin genuen Greziaren defizita esandakoaren halako laukoa zela eta zorra, berriz, esandakoa baino askoz ere handiagoa. Denok dakigu gutxi gorabehera ordutik zer gertatu den.

Greziak administrazio handiegia, burokratikoegia eta segiziozalea dauka. Ez dio herritarrari laguntzen eta ez du bermatzen funtzionamendu normala. Hala ere, aintzat hartu behar dira beste faktore batzuk ere, askoz ere objektiboagoak eta saihestezinak. Alde batetik, orografia konplexua daukala: 6.000 irla dauzka eta horietatik 300etan bizi da jendea. Alegia, zerbitzu publikoak eskaini behar zaizkie: ura, argindarra, osasuna, hezkuntza, segurtasuna eta militarren babesa. Horrek izugarri garestitzen du gastu publikoa. Kontinentean ere lautada gutxi dago, mendiz jositako herria da.

Bestetik, eurogunearen mapari erreparatuta, Grezia irla bat da. Urrun dauzka euroa erabiltzen duten herrialdeak. Eurogunearen barruan lehiakortasuna galdu badu ere, bakarrik eurogunera esportatzea merezi du. Baina esportazio horien prezioari hegazkinen edo itsasontzien garraio gastuak gehitu behar zaizkie, eta ez dira hain lehiakorrak.

Horrez gain, badaude beste arrazoi batzuk ere: euro indartsuak eta hari esker iritsitako inportazioek ito egin dutela Greziaren industria txikia eta ahula; egiturazko arazoak; eta Turkiarekin daukan gatazka militarra (Alemaniak Greziari eta Turkiari saltzen dizkie armak). Hori guztia aintzat hartuta, beraz, egungo egoera ez da harritzeko.

Greziarrek bi urteko bonbardaketa jaso dute. Eraso ekonomikoa eta psikologikoa izan da. Herritar askok utzi egin diote telebista ikusteari, Merkel, Juncker, Rehn, Sarkozy eta Greziako politikoen aurpegiak ikusteaz nazkatuta, beti gai berari bueltaka. Harroa den herri bat umiliatuta eta irainduta sentitzen da, eta horrek ondorioak izan ditu politikan. Alderdiak zatitu egin dira. Legebiltzarrean bost alderditik zazpira pasa dira, eta inkestek diote apirileko hauteskundeak eta gero bederatzi edo hamar izango direla. Haien artean dago, ñabardurarik gabe, ideologia nazional sozialista duena, orain dela 70 urte nazismoa garaitu zuen herrialde batean.

Hala ere, kaleko greziarrek, etsipenez baino gehiago, elkartasunez erantzun diote krisiari. Perretxikoen moduan zabaldu dira jatetxe sozialak eta ezer ez daukatenei janaria eta zerbitzuak emateko ekimenak. Baita ekonomia alternatiboan oinarritutako merkataritza ere.

Europa osoko elkartasun mezuek irribarrea piztu dute greziar askoren aurpegietan. Baina Greziarekiko elkartasuna keinu soila ez izateko mobilizazioek euroaren ereduaren aldaketa ekarri behar dute. Ez greziarren arazoa konpontzeko bakarrik, baizik eta Islandiak eta Argentinak hartu duten bidea jarraitzeko. Oraingo bidea jarraituz gero, arriskua da erreferentzia beste nonbait egongo dela, hau da, 1930eko Alemanian eta Weimar Errepublikan. Eta badakigu hura nola amaitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.