Ivan Santamaria.
Krisia eurogunean. Espainia. Analisia

'Austerizidioaren' apologia

2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gaspar Llamazaresi entzun eta maileguan hartutako kontzeptua da austerizidioa. Funtsean, krisiaren erru guztia gehiegizko gastu publikoak duela eta onbideratzeko bide bakarra defizita kosta ahala kosta murriztea dela itsu-itsuan sinesten dutenen jarrera irudikatzen du. Mariano Raxoiren mintzaldia austerizidioaren apologia hutsa izan zen. Zenbat aldiz errepikatu zuen ezin dela duzunaren gainetik gastatu? Aldiz, inork entzun ote zion atzeraldia edo hazkundea aipatzen?

Gastu publikoaren etengabeko murrizketan engaiatuta daramatza Europako Batasunak azken bi urteak. Emaitzak bistan dira. Krisia ez da amaitu, eta egoera gero eta larriagoa da. Eztabaida ideologiko bizia piztu da mundu osoan, murrizketen abiadura eta sakontasuna auzitan jarri duena. Hazkunderik gabe, nekez itzuliko da zorra. Raxoik ez du ezer entzun, antza. Haren ustez, defizita murrizteko, erabakiak eta epeak «eztabaidaezinak» dira. Hara, administrazioei legez debekatu zaie defizita izatea, eta, Espainiako eskuina ezagututa, martxa honetan alternatibak badirela aldarrikatzea bera ere delitu bihurtzen amaituko dute.

Krisiaren narrazio alemaniarrari atxikita jarraitzen du Raxoik. Arazoa kreditu gehiegi erabili dugula da, geure baliabideen gainetik bizi izan garela. Hala adierazi zuen, plural gordinean, hiritar guztien ardura maila berdina balitz bezala.

Kanpo zorpetzea itzela da, bai, baina diru gehiena eraikuntzaren burbuila neurrigabe bat finantzatzeko xahutu zela esatea ahaztu zitzaion presidenteari. Valentziako lagun hurko batek orain dela gutxi idatzitako mezuak ondo laburbiltzen du paradoxa: «Gogoratzen duzue Ferrari autoa aparkatuta utzi, eta burtsako gorakadak kostaldeko etxean xanpaina edaten ospatzen genituenean? Bada, nik ez». Ez berak, ezta ongizate estatuari emandako aizkorakada orain ordaintzen ari diren gizarte gehienek ere. Aldiz, burbuilarekin aberastu zirenentzat ez da neurririk izan. Beno, bai, irabazitakoaren parte bat ogasunari aitortu gabe ezkutuan gorde dutenei amnistia fiskala oparitu die PPren gobernuak, diru fresko eta legezkoa bueltan izan dezaten.

Pedagogikoa izaten ahalegindu zen Raxoi. Gastu murrizketaren bidez atakatik aterako direla ziurtatu zuen, horrek duela lehentasuna. Baina enpresek, familiek, bankuek eta administrazio publikoek batera zorpetzea arindu nahi dutenean zerk bultzatuko du hazkundea? Zerutik eroriko zaiela sinetsita dago gobernua, atzo Bruselari bidalitako aurrekontu planaren arabera 2013. urtean 39.000 milioi murriztu eta ekonomia soilik %0,5 eroriko dela kalkulatu duelako. Eta hori harrigarria bada, ez galdu 2014. urterako aurreikuspena: 50.000 milioi euroko murrizketa batekin ekonomia %1,2 haziko dela espero du.

Europatik bigarren erreskate bat beharko duen ezeztatu gabe, hiritarrei konfiantza eskatu zien presidenteak. Mezu horri indarra ematen ahalegindu zen, behin baino gehiagotan. «Gobernuak zeharo argi du nora doan, eta zer egin behar duen». Segituan, kazetari batek bestelako diru sarrerarik ez duten langabeentzako 400 euroko ordainari eutsiko zaion edo ez argitzeko eskatu zion. «Ez dugu oraindik erabaki», onartu zuen Raxoik. Orain indarrean dagoen laguntza 11 egun barru amaituko da. Eskerrak nora doan eta zer egin zeharo argi duen gobernua den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.