Iruñeko eta Gasteizko agintarien oniritziarekin aurrera egingo du defizitaren muga Espainiako Konstituzioan sartzeko proposamenak. UPNk Espainiako Kongresuan duen diputatu Carlos Salvadorrek eta PSE-EEren zein PSNren zerrendetan joandakoek ontzat hartu zuten aldaketaren lehen tramitea, eta horrekin argi berdea eman zioten Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantza autonomia gehiago mugatuko duen arau bati. Den-dena «erantzukizunaren» izenean, nahiz eta kontrakoa dirudien norbere burua hainbeste mugatzeak onura hipotetiko baten mesedetan.
Erreformak erkidegoen autonomia ez duela mugatuko esanez justifikatu du bere sostengua Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Baina araua garatu behar duen lege organikoak konpontzen ez badu, aldundiei ukatu egiten die euro bakarreko galera izatea aurrekontuetan. Eta Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren kasuan, Kongresuaren gehiengo osoaren esku —hots, PSOEren edota PPren esku— uzten du defizitaren muga hausteko salbuespena onartzea. Autonomia gutxitxo dago hor, orain arte euskal erakundeek erabili nahi edo ahal izan dutena baino nabarmen gutxiago.
Finantza merkatuak lasaitzeko hamaikagarren neurria den arren, badirudi mezua ez dela haiengana oso garbi heldu. Madrilen PSOEko eta PPko ordezkariek keinuak egiten zizkieten bitartean, merkatuak Italiara begira ari ziren, eta haren arazoengatik Espainiaren arrisku hobaria duela hiru asteko mailara igotzen ari zen.
Analisia
Autonomia mugatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu