Analisia

Berlinen esanetara

Ivan Santamaria.
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren 5.0 bertsioa martxan dago, edo, zehatzagoa izateko, bosgarren urtea. Oraindik denbora beharko da adituek zer gertatu den ondo aztertu eta ondorioak atera ditzaten. Litekeena da ekonomialarien artean sekula ez ados jartzea, Depresio Handiarekin gertatu zen gisara. Azken moda krisiaren erru guztia zor publikoari botatzea da, AEBetako Tea Partyko ultrakontserbadoreetatik Alemaniako Gobernura. Gastu publikoa da deabru berria —non geratu da Lehman Brothers?—.

Aurrekontuen kontrolaren eta neurritasunaren mezulari bihurtu da Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroa. Eta Berlingo farmaziatik agindutako botika Euroguneko gaixo guztiei eman nahi die, gustukoa izan zein ez. Alemaniaren tesiak garaile ateratzen ari dira. Ez dago eztabaida ideologikorik, antza Merkelen gobernuak duelako euroa salbatzeko giltza.

Zapaterok azken opari bat egin nahi izan die Alemaniako kontserbadoreei. Oinarri aurrerakoiak legealdiak aurrera egin ahala galdu ondoren, korrika eta presaka Berlinek idatzitako gidoia idazteari ekin dio. Ikasle aurreratua da, zalantzarik gabe.

Egia da administrazio publiko batzuek herritarren dirua eta maileguan hartutakoa nahierara xahutu dutela. Grezia da adibiderik onena. Baina muturreko neurritasuna ote da erantzuna? Bada, defizita lehenik eta behin zerk sortu zuen gogorarazi beharko da: finantza sistema amildegitik libratzeko milaka milioi gastatu zirenean, merkatuek ez zioten arrisku hobariari askorik erreparatzen, ezta?

Bankuak eta merkatuek hondoratutako ekonomia suspertzeko ekintzek zorra handitu dute. Bistan da ahalegin publikoa ez dela horren arrakastatsua izan, herrialde aurreratuak beste atzeraldi batean erortzeko zorian daudelako. Defizita borrokatzea lehentasun bakarra bada, nondik aterako da kontuak orekatzeko dirua, egoera gogortzen bada? Neurritasuna konstituzioetan idatziko da, baina eskubide sozialen poltsikotik ordaintzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.