Atenasko hiriguneko eraikin batzuren moduan, erortzeko gero eta itxura handiagoa du Grezia porrotetik ateratzeko azken bi urteotan ezarri den politika. Igandeko botoarekin, Greziako Legebiltzarrak beste urrats bat egin zuen inor gutxik sinesten duen bidean. Baliteke euroguneko finantza ministroek oniritzia ematea bihar Greziaren bigarren erreskateari, eta hartzekodun pribatuek zorraren zati bat barkatzea. Horiekin bidea jarraitu ahal izango du, baina gero eta gehiagok uste dute bidea ez dela krisiaren amaieraren oasian bukatzen, baizik eta porrotaren amildegian.
Herritarrek, noski, ez dute sinesten murrizketa baten gainean beste bat pilatuta aurrera egingo dutenik. «Txarraren eta okerragoaren» arteko hautua egiteko eskatu zien Evangelos Venizelos Finantza ministroak diputatuei. Greziar askok erantzungo liokete dagoeneko ez dutela baten edo bestearen artean bereizten. Grezia erreskatean dagoenetik langabezia bikoiztu egin da —%20,9ra iritsi da—, herritar hirutik bat pobrezian bizi da, etxerik gabekoak ugaritzen ari dira, zaborrontziek gero eta bisitari gehiago dituzte, eta herritar desesperatuen suizidioak biderkatzen ari dira. Lanari eutsi diotenak ere ez dira libratzen soldata eta pentsio jaitsierek eta zerga igoerek eragiten duten bizi-mailaren kaskartzetik. Eta horrela jarraituko du Greziako ekonomia uzkurtzen den bitartean. Bost urte egin ditu horrela.
Greziarrak umiliatu nahi izatea egotzi diote protesta egileek Troikari, Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatzen duten Gaizkiaren Hirukoteari. Troikak eskatutako murrizketa gero eta gogorragoei egozten diete orain bizi duten drama. Baina hobea izango zen egoera hirukoteak esku hartu izan ez balu? Hiru horien errua al da Grezia oraingo egoeran egotea? Erantzun laburrena —bai ez bakarra—, ezezkoa da galdera batean zein bestean. Ulergarria da etsaia atzerrian bilatzea, eta Berlinen bada, hobe, Merkel naziz jantzita erakutsi duten argazki-muntaketek frogatzen duten moduan. Baina errudunak bilatu nahi badituzte ez dute urruti begiratu behar. Arazo nagusia da Grezia bere aukeren gainetik bizitzen aritu dela hainbat urtez; batzuk besteak baino gehiago, noski, ez baitu ardura bera diru sarrera apalekin sekulako mailegua lortu zuena, edo herrialde oso baten geroa arriskuan jarri duena. Klientelismo politikoa, ustelkeria, zergei ihes egitea eta defizit publiko kronikoa ez dituzte Frantziako bankuek edo Alemaniako industriak sortu, nahiz eta batzuek harengandik irabazia ere atera duten.
Ricardo Hausmann Harvardeko irakasleak egin berri duen ikerketa baten arabera, Grezia da gaur egun teorian duen aberastasunaren eta bere esportazioen kalitatearen arabera izan beharko lukeenaren artean tarte gehien duen herrialdea. Krisiak inportazioak gutxitu arren, kontu korronteko %8,6ko defizita izan zuen 2011n; hau da, kanpoan saltzen duena edo atzerriko turistei esker lortzen duen dirua urrundik ere ez duela estaltzen Greziak gastatzen duena. Atzerriko bankuek egiten zuten lehen, eta EBk eta NDFk orain.
Besterik da pentsatzea bizi mailaren etengabeko okertzeak eta atzeraldi etengabeak egoera konponduko duela. Fedea behar da hori sinesteko.
Baina greziarrek ez ezik, EBko gobernuek gero eta gutxiago sinesten dute Greziaren ibilbidean. Itxurak gordetzeko erreparorik ere ez zuten erakutsi joan den astean Venizelos azken austeritate neurriak onartuta laguntza eske joan zitzaienean. Beste 325 milioi euroren gastuak murrizteko falta direla esan zioten, eta Atenas erdia sutan ikusi ondoren lelo horri eutsi zioten atzo. Mesfidantza elikatzen lan ona egin du Greziako Gobernuak, Bruselan esandakotik Atenasen egindakora alde handia baitago. Baina zaila da besterik eskatzea zuloa egin duen klase politikoari.
Horregatik, lehen gutxi batzuren ideia zena —Grezia eurotik botatzea—, gero eta jarraitzaile gehiago ditu EBko gobernuen artean. Hori gertatu aurretik, ordea, lehen-lehenik ziurtatu behar dute beste soka guztiak ongi lotuta daudela, Portugaldik hasi eta Italiaraino, Greziari dirua utzi zieten bankuetatik igarota. Bihurgune asko gidatzaile onik ez duen Europaren bidean.
Zorraren krisia. Grezia. Analisia
Bidea egiten, baina zulora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu