Eszenografia zaindu nahi izan zuen Patxi Lopezek. Ezohiko lekua eta eguna aukeratu zituen, gobernuak dituen egoitza eta eraikin ofizialetik urrun. Kabineteko hamar kidetik sei izan zituen ondoan, eta gizarte eta ekonomia arloko ordezkaritza esanguratsua bildu zuen, leial zaizkion UGT eta CCOO sindikatuak barne.
Euskadi eredua aurkeztea zen asmoa. Krisiari kontra egin, eta enplegua sustatzeko xedea duen eredua, alegia. Inork espero bazuen Lopezek neurri berriak aurkeztea, entzunaldia ia debalde egin zuen. Aipatutako ia guztia jakina zen, eta aurtengo aurrekontuetan diru sail jakinekoak zituen. Ekonomiari bultzada emateko iragarri ziren ekinbideen artean, esaterako, ez dira falta Industria Sailak kudeatzen dituen Gauzatu, Etortek eta antzeko programa klasikoak, departamentuak gutxienez orain dela hamarkada bat martxan jarri zituenak eta oraindik ere indarrean jarraitzen dutenak.
Ez zen ekinbide eta proiektu berriak aurkezteko hitzordu eta lekua. Gobernua dagoeneko egiten ari denari balioa ematea eta gizarteari saltzea zen funtsezkoena. Ekonomiari laguntza ematen ari zaiola, inbertsioa eta diru publikoa ez direla gelditu.
Zer esanik ez, administrazio batek badu eskubidea garatzen ari den politikak ezagutarazteko eta gizarteari azaltzeko, propaganda saio lardatsak egiten ez baldin baditu. Lehendakariak mezua zabaltzeko aukeratu duen sasoia ez da kasualitatea, ordea.
Legealdiari, asko jota, urtebete baino gutxiago geratzen zaio. Ez dira gutxi gobernua ahituta ikusten dutenak, edo Euskal Herrian ETAk armak utzi ondoren ireki den garai berria Eusko Legebiltzarrera eramateko bide bakarrabozak aurreratzea dela diotenak. Sozialistak hasi dira piezak mugitzen. Orain dela aste batzuk Publikoa izeneko plataforma abiatu zuen PSE-EEk. Atzoko ekitaldiko ardatz nagusia ere murrizketak salatzea eta esku hartze publikoa defendatzea izan zen. Gobernu ekinbideak iragartzeko baino gehiago, hautagai bat aurkezteko aproposagoa zirudien.
Lopezen kanpaina bultzatzeko zirrikituen bila ari da PSE-EE. Etxean ekonomiaren aurreikuspenak ez dira onak, eta hor ez dirudi helduleku egokirik lortuko duenik. Aldiz, Euskal Herritik at zenbait gauza aldatu dira, eta horretara begira jarri da. Batetik, PP hasia da nabaritzen Espainia gobernatzeak eragiten duen higadura, gizarteko sektore geroz eta gehiago asaldatzen dituzten murrizketa gupidagabeekin. Bestetik, Zapaterismoaren hilkutxatik ateratzea lortu du PSOEk, Andaluzian eta Asturiasen ozta-ozta izandako emaitzei esker.
Espainian PP egiten ari den politikarekin bere burua kontrajartzea da Lopezen jokaldia orain. Hala ere, atzoko mezuan zenbait aitortza falta ziren. Iragarritako neurri guztiak PPrekin adostu eta onartutako aurrekontu batekoak dira. Elkar hartuta ari dira popularrak eta sozialistak. Ados jarri ziren, besteak beste, gizarte laguntzei murrizketa gogorrak ezartzeko. Egungo dibortzio dialektikoaren kontraesanak dira.
Analisia
Bozetarako mezua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu