Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ekonomikoa ikusmiran izan du EAJk legegintzaldi hasieratik. Zor publikoaren hazkundearen inguruko kezka maiz aireratu dute jeltzaleek, Patxi Lopezen gobernuaren kudeaketa auzitan jartzeko. Jokabide horren atzean krisi ekonomikoari aurre egiteko moduari buruzko desadostasunak badaude, baina ikuspegi ekonomikotik haratago, osagai politiko nabarmena dago tirabiren jatorrian, eta, batez ere, tirabiren estrategian.
Urkulluk dio egoera ekonomiko larriari zorpetuz eta zergak igoz erantzutea ez dela irtenbidea. «Gaurko asea, biharko gosea», Urkulluren hitzetan. Baina ekonomia hozten denean, eta zerga bidezko bilketa jaisten denean, zein da irtenbidea? Hor dago desadostasun ekonomikoetako bat, EAJ ez delako orain arte zerga politika aldatzearen aldeko agertu. Baina ikuspuntu ezberdintasunarekin batera, egunotako tirabiren atzean lehia politiko zuzena eta hauteskunde estrategia daude. Hain zuzen, Lopez lehendakaria alderdi barruko kontuetan murgilduta zegoenean piztu du Urkulluk alarma. Gainera, buruz burukoa nahi izan du: «Denborak, ia beti bezala, bakoitza bere tokian jarriko du». Lehia zuzena, lehendakarigaien artekoa aurreratuz. Aldiz, Eusko Jaurlaritza porrot ekonomikoaren beldurra uxatzen saiatzeaz gain, erasora pasatu da, Ibarretxeren gobernuko Justizia Saileko ustezko irregulartasun kasu bat kaleratuz. Horrela segituz gero, legealdia amaitzeko falta den denbora antzu bilakatzeko bidean dago.
Finantza publikoak. Eusko Jaurlaritzaren egoera. Analisia
Ekonomia baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu