Ustekabeko jira batzuen ondoren, Dominique Strauss-Kahnen kasua Eliseo jauregian bukatuko al da? Horixe da gehienek egiten duten galdera atzo epaileak DSK bermerik gabe aske utzi ondoren. Erantzuna asmatzea errazagoa izango litzateke DSK estatubatuarra balitz, jakinda han sexu kontuak, baimendutakoak barne, azaleratzeak edonoren ibilbide politikoa ia automatikoki geratzen duela. Frantziak, ordea, bizitza pribatuarekiko begirunea harro aldarrikatzen du herrialde anglosaxoiarrekin duen aldea markatu nahi duen aldiro. Kasu honetan, ordea, lehen-lehenik argitu beharko da sexu harremana baimendutakoa izan zen ala bortxaketa izan zen, salatzaileak akusazioari eusten baitio. Eta ez da nolanahiko akusazioa.
Baina DSK aske uzteak dagoeneko zalantzazbete ditu Frantziako sozialistak. Jendaurrean denek diote pozten direla, baina dagoeneko igerilekura salto egin dutenek —Hollande, Aubry, Royal...— agian nahiago izango zuten New Yorkeko epaileak hilaren 14a arte itxaron izan bazuen DSK libre uzteko, bezperan bukatzen baita PSko hauteskunde primarioetan hautagaitza aurkezteko epea. DSK-k hilaren 18an berriro deklaratuko duela jakinda, epea luzatzeko keinua izango al dute, Frantziako lehendakaritza hatz puntekin ukitzen ari badira? Eskuzabaltasun gehiegitxo.
Berez, ikusteko dago DSK-k berak hautagai izateko gogoa duen, preso hartu zutenetik emakumeekin zuen jarrera oldarkorrariburuz zabaldu direnek oso leku eskasean utzi dutelako. Are gehiago frantziar guztien ordezkari izateko. Gainera, DSKren aferak puri-purian jarri du Frantziako gizon politiko askoren sexismoari buruzko eztabaida. «Matxoekin nazkatuta» izenburua jarri zion Libération egunkariak emakume politikoek lankide gizonezko askok haiekin duten jarrera salatuz egin zuen artikuluari. Giro horrek ekarri du Georges Tron Funtzio Publikoko Estatu idazkariaren kargutik kentzea; DSKrena entzunda, emakume batzuk sexu erasoengatik hari salaketa jartzera ausartu ziren.
Analisia
Eliseotik urrun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu