Zorraren krisia. EBren geroari buruzko eztabaida. Analisia

Gehiago egin dezake

Aitor Aranburu.
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Arrisku sariaren gorakada azkarra dabil kazetari eta politikari guztien ahotan. Igoera azaltzeko, arrazoi teknikoak, enkanteak eta beste hainbat faktore aipatu dituzte. Hala ere, kausak sakonagoak dira, eta, okerrena dena, gero eta zailagoak geratzen.

Europako Banku Zentralak arazoa konpontzeko asko egin lezake, baina ez dirudi asmoa duenik. Azken urte eta erdian EBZk arazoak dauden herrialdeen zorra erosteari ekin dio. Aurreko astera bitarte, 187.000 milioi erosi ditu. Hala ere, zenbateko hori ez da nahikoa izan, eta problema dagoeneko ez da herrialde jakin batzuena bakarrik, euroguneko herrialde guztiena baizik.

EBZk askoz gehiago egin lezake, eta berak ere badaki gaitasuna eduki badaukala. Horretarako, AEBen moduan, quantitative easing delako politikari ekin beharko lioke. Funtsean, herrialdeen zorra erostea izango litzateke, diru berria inprimatuz. Gainera, esku hartze lexikoa egin beharko luke, hots merkatuei esan ez duela ametituko interes tasak ehuneko jakin batetik gora igotzea, tasa horien gainetik egotean erosteari ekingo bailioke. Neurri horrek zorra saltzen duten espekulatzaileak merkatutik botako lituzke, eta inbertitzaileei bermatuko lieke beren inbertsioak ez duela balioa galduko; horrek, geroz eta inbertitzaile gehiago erakarri beharko lituzke eta, azken finean, EBZk parte hartu behar izateko beharra gutxituko luke.

Hain erraza badirudi, zergatik ez du egiten? Politika horren traba nagusia alemaniarrak dira. Neurri horrek inflazioa sor lezake, eta Berlin horren beldur da. Halaber, estatuei berriz ere gehiegi zorpetzeko bidea irekiko liekeela uste du.

Ondorioz, EBZk merkatuan oso eragin txikia duten erosketak egin ditu, eta arriskuan dauden herrialdeek austeritate politika gogorrak ezarri behar dituztela esanez ari da. Jakin gabe arazoa geroz eta handiagoa dela, eta laster ez garela arriskuan dauden herrialdeez hitz egiten ariko, baizik eta eurogunea eta euroa arriskuan egoteari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.