Euroguneko zorraren krisia. Analisia

Grezia, eguzkia ikusten uzten ez duen hatza

joxerra senar
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batasunak euroaren gaineko akordioa hitzartu eta biharamunean, herrialde bakoitzak ohiturari jarraituz etxerantz begiratu du. Komunikabide eta aditu espainiarrek, esate baterako, uste dute galtzaile atera direla akordio horretatik, Greziaren ondoren euren bankuek jarri beharko dutelako kapital gehien. Ez dute ulertzen Espainiako bankuek zergatik jarri behar duten Greziaren zorrarekiko mendekotasun handiagoa duten herrialdeetako bankuek (Frantziak eta Alemaniak, kasu) baino kapital gehiago. Bankari batek laburbildu du ongien kexa orokorra: «Europak Japoniak eta AEBek baino zor gutxiago badu, zergatik ez digute dirua maileguan uzten?».

Erantzuna sinplea da. Hain justu ere, Europak milaka milioi euro maileguan utzi zizkielako Espainiako bankuei etxegintzaren boom-aren urte oparoetan, eta banku horiek, era berean, hamar eurotik sei burbuila elikatzera, finantzatzera birbideratu zutelako. Normala da, beraz, Euroguneak kontuak eskatzea. Bestela zergatik sufritu dute Espainiaren aterkipeandauden finantza erakunde guztiek —Euskal Herrikoek barne—azken hilabete eta urteetan bankuen arteko merkatuan?

Beharbada, ez luke horren normala izan behar komunikabide batzuk banku handienen bozgorailu bihurtzea. «Berkapitalizazioak kreditua are gehiago uzkurtu dezake!», diote. Bai, gerta liteke. Edo ez; izan ere, bankuen arteko mesfidantza konpontzen has daiteke, eta Europako Banku Zentrala, espero legez, interes tasak jaitsiz gero, kreditu fluxua normaltzen has daiteke. Xantaia erabiltzera ohituta daude, azkenik herritarra hormaren kontra jarri nahian. Bitxia da gero nola erreakzionatu duten birkapitalizazioa dibidenduen eta akziodunen lepotik egitea proposatu denean.

Arazoa da krisi honen kontakizuna ezin dela soilik Greziara mugatu. Duela gutxi, Estatu Batuetako komunikabide batek, Euroaren Krisia delakoa deskribatzerakoan, epizentroa Grezian jartzen zuen. Krisia 2009an hasi balitz bezala; subprime hipotekak, CDOak, MBSak, CDSak eta Wall Streetek diseinatutako zabor hori guztia existitu izan ez balitz bezala; banku guztien kontabilitateak horiek garbitu eta desagerrarazi balituzte bezala; eta mundua mehatxatzen jarraituko ez balute bezala. Edo Espainian, Erresuma Batuan eta beste hainbat herrialdetan etxebizitzaren burbuilarik egon ez balitz bezala. Dena Greziaren errua omen da, aizue.

Grezia eguzkia ikustea oztopatzen duen hatza baino ez da. Edo egiturazko beste arazoak ezkutatzeko aitzakia. Atzean, jada badatorren mendebaldeko finantza sistemaren hurrengo ekaitza dago. Azken hilabeteotako burtsen jaitsierak eta credit default swap-en egungo salerosketak horren isla dira. Europak birkapitalizazio bidez babeslekua eraikitzeari ekin dio. Nahikoa izango al da? Beranduegi al dator?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.