Arraina eta berritsua ahotik galtzen direla esan ohi da. Irakaspen mingarria, kasu honetan, errealitateak eman dio Espainiako Gobernuari, edo, zehatzago izateko, Soraya Saenz de Santamaria presidenteorde eta bozeramaileari. Joan den ostiraleko Ministroen Kontseiluaren ondoren hitza hartu eta kazetariei arrisku sariari buruzko lezioa emateari ekin zion. «Arrisku sariak ez du estatuarentzako zorra garestitu dela esan nahi», defendatu zuen. Alegia, ekonomiaz ari diren kazetariak oker dabiltza, eta arrisku sariak Espainiak finantzatzeko duen benetako ahalmenarekin zerikusi gutxi du.
Azalpena indartzeko asmoz, benetan begiratu beharreko datua Altxorrak zuzenean egindako zor salmentetakoa dela argudiatu zuen presidenteordeak, merkatuetakoa baino hobea izan dena. Bada, atzo letrak jarri zituen salgai, eta zer gertatu zen? Zorra erostearen truke inbertitzaileei ordaindu beharreko interesa nabarmen igo zela, arrisku sariaren gorakadak aurreratzen zuen bezala. Ea hurrengo agerraldirako Saenz de Santamariak azaltzen duen zergatik.
Ez da errealitateak gobernua lotsarazi duen lehen aldia. «Greziako egoera argitzen denean jaitsiko da presioa», esan zuen Luis de Guindos Ekonomia ministroak, maiatzaren 30ean. Hamar egun geroago Espainiako bankuentzako erreskatea iritsi zen. Baina zer espero liteke «dena konponduta» utzi ondoren Poloniara futbol partida bat ikustera joan zen presidente batetik eta haren gobernutik?
Krisia eurogunean. Merkatuen erantzuna. Analisia
Irakaspen mingarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu