Grebarako deialdia egin eta gero, ohiko adierazpen zaparrada hasi da, greba eskubidea errespetatzen dutela esan bai, baina greba eskubidea ia zalantzan jartzen: grebak ez direla eraginkorrak, ez dela greba egiteko unea, ez dutela lanposturik sortzen... Ez, grebak ez du lan erreforma aldatuko, PPk gehiengo osoa baitu, eta nahi duen guztia egingo baitu. Greba egingo duten langileek egun bateko soldata galduko dute, eta baten batek agian gehiago. Eta ez, grebak ez du lanposturik sortuko, poliziei ordu estrak eginarazi baino ez.
Baina Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma azken urteetako eraso handiena da lan baldintzen eta harremanen kontra. Mugarria. Enpresariei ia nahi zuten guztia eman die. Eta langileek eskubidea dute protesta egiteko, gizartea kontzientziatzeko eta erakusteko erreforma enpresetara iristen denean ez diotela besterik gabe men egingo. Greba zalantzan jartzen dutenen alternatiba hori baita, neurri guztiei men egitea.
Protestetan eta pankartan lagun berriak izango dituzte, Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) sindikalista mozorroa jantzi baitzuen atzo. Sindikatuei esan zien Eusko Jaurlaritza «lagun» izango dutela lan erreformaren kontra, «ez etsai». Greba egiteko arrazoiak daudela ere iradoki zuen. Alegia, Jaurlaritzaren eta PSOEren neurrien kontrako grebak «arduragabeak» ziren; PPren kontrakoak, aldiz, arrazoituak. Lehen «arinkeria» zena, orain ardura. Eta PP PSOEk hasitako bidea sakontzen ari da.
Lan erreforma. Greba orokorra. Analisia
Jaurlaritza, «lagun»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu