Iker Aranburu.
Analisia

Onenak zertan?

2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gobernua «onenekin» osatuko zuela eta aurrekoa ez bezala «fidagarria» izango zela aspertzeraino errepikatu zuen Mariano Raxoik hauteskundeak irabazi zituenean. Hilabete igaro da ministroek karguak hartu zituztenetik, eta ez dira ez bata ezta bestea ere izan. Hartu dituzten neurriei buruzko iritzia alde batera utzita —eta asko uztea da hori—, trakeskeria eta kontraesanak dira nagusi. Batetik, iragarpenak nazioarteko prentsaren bidez egiteko ohitura hartu dute Luis de Guindos eta Cristobal Montoro ministroek, Merkelek, merkatuek eta rating agentziek entzun ditzaten. Baina han botatakoakberehala zuzendu behar izan dituzte Madrilen. Azkena, atzo bertan. Iritzi publikoa prestatzeko puxika zundaren estrategia izango da agian, baina haien arteko inkomunikazioa edo lehia dela sinesteko arrazoirik ez da falta. Eta defizitaren datuak Barne ministroak ematen baditu...

Raxoiri buruz, zer? Desagertuta zegoela zabaltzen ari zenean berragertu zen, esateko ez zela ezkutatuko. Eta berriz desagertu zen. Sarkozyren edo Zapateroren kontrakoa egin nahi du: ministroak jarri aurpegia emateko, bera gutxiago erretzeko. Berriro agertu denean, bere ekarpen propioa egin dio nahasmenaren estrategiari: BEZa igoko ote duen galdetuta, asmorik ez duela esan du, baina «ezer ez da betiko» gaineratuta. Bere aldekoek ere ez diote grazia txalotu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.