Atseden egunean egonda, ezin nezake beste ezertaz hitz egin. Egun berezia izan da gaurkoa [atzokoa], herenegun etapa Bartzelonan amaitu arren, Galizian gaudelako. Horrek esan nahi du bizikletatik jaitsi bezain laster hegazkinera igo ginela. Herri txiki batean gaude, eta hotel berean igaroko ditugu aste honetako lehen hiruzpalau egunak. Egunero hotel ezberdinetan egin ohi dugu lo, eta eskertuko dugu toki berean denbora pixka batez egotea.
Prentsan agertuko zen, noski, txirrindulariok hegazkina hartu genuela Galiziara etortzeko. Baina aipamen berezia egin nahiko nieke masaje emaileei zein mekanikariei. Horiek autoan zein kamioietan egin dituzte 1.200 kilometro, guri tresna guztiak ekartzeko. Batzuk igande goizean abiatu ziren, eta besteak, etapa amaitu eta berehala. Askok gau osoa gidatzen eman zuten, gainera, gure bizikletak entrenamendurako prest egoteko. Kontuak atera zer-nolako ahalegina egin duten.
Aurpegietan nabaritzen genien. Gu nekatuta egon gara, bai, baina eurak zer esanik ez. Hotelera iritsiz zihoazen heinean, gero eta irribarre gutxiago ikusten genuen. Zorionez, guztiak ongi iritsi dira, eta atseden eguna tokatu zaie lasai antzean egoteko. Hori bai, lanean ere aritu dira.
Goizeko hamarretan esnatu gara, ordu eta erdiko lan saioa egiteko. Erlojupekoaren ibilbidean jardun gara, eta gogorra da, espezialistontzat desegokia. Igor Antoni lagunduko dio errepideak, igotzaile denei bezala. Hortik aurrera, bazkaldu egin dugu, siesta ere bai, eta arratsaldea masajeak hartzeko baliatu dugu. Afal ondoren, berriz, berehala ohera. Zoritxarrez, halako egunak azkar amaitzen dira, eta bihar [gaur] errutinara itzuliko gara. Dena den, Vueltaren politena oraintxe dator, eta ilusioz eta gogoz beterik gaude guztiok.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik
1.200 kilometro...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu