Nire lehen palakadak 1995ean eman nituen; ezagutzen ez nuen baina liluratu egingo ninduen mundu berri batekin topo eginez. 17 urte izanda, ordea, batel eta trainerilletan lehiatzearekin konformatu behar nuen. Eta uda iritsi zen; traineru estropadak. Donibaneko, Orio, San Pedro… Haiek ikusiz gozatu eta amestu nuen.
Donibanekoren eta Orioren arteko lehia ederra gogoratzen dut; Euskal Liga pasaitarrek irabazi arren, denboraldiko bigarren zatitik aurrera oriotarrak izan zirela nagusi. Orduko Zarauzko Ikurrina eta Kontxa ditugu horren isla.
Zarautzen, lehen jardunaldian, Donibaneko aurretik; Orio, 11 segundora. Biharamunean, Oriok, errenta jan eta beste hainbeste aterata, trapua etxera. Altxerri, Anjel, Txabola… Frances oroitzen dut besoak altxatuta. Lerdea zeridan.
Kontxa iritsi zen gero; lehen igandea: Donibanekok Oriori hamahiru segundo. Berriro emango ote zioten mirotz-ek buelta errentari? Horra inkognita.
Hurrengo igandekoa, ikustekoa: bigarren txandako lau ontziak igerileku batean sartuko lirateke helmugaratze unean. Oriotarren Kanpa berdea aurretik; baina pasaitarrak zortzi segundora, bandera arrosez tindatuz. Bi eguneko marka txikitu zuten biek. Etxabe eta Lujanbio elkar besarkatzen, Gabi gaztea negar batean…
Bizipen txundigarri haiek oroitzapen hunkigarri dira gaur. Tibortek eskuak eta tostek ipurdia bezalatsu, bi estropada haiek neure barrena markatuta utzi zuten. Baina, nonbait, ez ginen kronometroa eta ni izan markatu zituzten bakarrak; San Miguel ligari begira konturatu bainaiz aurtengo euskal talde guztietako entrenatzaileak bi traineru haietatik, lehia bizi hartatik irtendakoak direla.
Korta, Etxabe, Orbañanos, Fernandez, Larrinaga, Zabaleta, Aizperro eta Frances Donibaneko-Orio borroka hartan zeuden, eta, gaur, gizonezkoen goreneko mailako taldeen bi herenak gidatzen dituzte. Duela hamazazpi urte ontzi barruan bizitakoa ondorengoei biziarazi nahiko baliete bezala.
Hastear den San Miguel ligak 1995eko marka du. Orduko erdia gozaraziko baligute aurten, ni konforme.
Arrauna. San Miguel liga. Arraunminez
1995eko marka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu