Polita izan da etapa, ezta? Ikusteko bai, ezta? Guretzat ez da, ba, hain samurra izan. Luzea, erritmo altukoa, oso igoera gogorrak zituena... Dena emanda joan gara. Hain batez besteko altua duten aldapak igota neke handia pilatzen da, eta ez gara berehalakoan iritsi helmugara. Baina oso adi eta gustura ibili naiz ni, eta neroni ere harrituta geratu naiz. Oso ongi sentitu naiz, ez nuen ezustekorik nahi, eta horregatik ibili naiz hain aurrean. Astebururako indarra eman dit etapak.
Gutxi-asko, espero genuena gertatu da. Ihesaldi jendetsua sortu da, eta helmugaraino iritsi da. Guri dagokigunez, hiru txirrindulari sartu ditugu lehen taldean, eta ez da gutxi. Huts egin duen bakarra Clement dela esan daiteke, gainerakoak esprinterrak direlako. Bitxikeria gisa esango dizuet Cavendishen taldetxoa, azkena, 40 segundo eskasengatik ez dela iritsi helmugara kontrolez kanpo. Guk hiru taldekide geneuzkan talde horretan. Eskerrak! Minutu bat gehiago, eta Rabobanken autobusean leku gehixeago besteentzat!
Irabazlearen denbora hartu eta, batez besteko bat eginda, gehienezko denbora galera zehazten dute beti epaileek, eta larri ibili dira Cavendish eta gainerakoak. Girotik kanpo utziko ote zituzten? Antolatzaileen eta UCIren esku egongo zen hori, baina ez zen talde handia, eta larri ibili! Arautegia argia da. Uste dut Eiseli esker helmugaratu direla denboraren barruan. Artista handia da horrelakoetan, eta Cavendish atzean geratzen ari zela ikusi dudanean, abisatu egin diot bere ondotik pasatzean. Eskerrak eman dizkit abisatzeagatik, eta berehala geratu da zain.
Eta zutabea ez nuke amaitu nahi Pablo Lastrasi besarkada handi bat bidali gabe. Huts egiten ez duten txirrindulari horietakoa da, talde batentzat bermea. Mendateak jaisten oso ona da, tropeleko onenetakoa, eta ez dakit zer gertatu zaion. Beste inork baino gehiago zaintzen du gorputza, eta pena handia eman dit. Besarkada handi bat hemendik!
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
40 segundo eta etxera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu