Nire akatsa izan da, nirea bakarrik. Amorrua eman dit, baina aurrera begiratu beharra dago. Kokapenean egin dut huts, eta igotzen hasterako lehertuta geratu naiz atzetik aurrerako lanean. Hiru ahalegin handi egin behar izan ditut azken aldapa baino lehen, eta hankek ez didate erantzun gero. Berdin-berdina gertatzen zait beti Giroan; minutu bat hemen, minutu bat han... eta galera pilatuz.
Baina lasai nago, ondo nago, eta Tom Jelte Slagter oso txukun ibili da gainera. Poz handia hartu dut, nire helburuetako bat hori ere badelako, Slagterri hazten laguntzea. Nik huts egin dut, nire errua izan da, ez naiz egon egon behar nuen tokian, eta azkenerako ordaindu egin dut ahalegin gehigarri hori. Baina akatsak onartzen ere jakin egin behar da. Hiru minutuko galera daukat, baina hiru minutu kilometro bat baino gutxiago da Mortirolon.
Eskuinera hartu baino 15-20 kilometro lehenagotik bizia jokoan genuela joan gara, eta horrelakoetan geroz eta pisu handiagoa dauka adinak. Etxeko txikiak zain daudela etortzen da gogora sarritan, erortzeko arrisku handia dagoela, eta bizikletaren heldulekuarekin ez da borrokatzen behar bezainbeste. Ez da aitzakia, baina bakar-bakarrik joan behar izan dut atzetik aurrera, eta ez naiz gai izan.
Eta zer esan Purito-ri buruz. Saiatuaren saiatuaz lortu du nahi zuena, hiru itzuli handietan gutxienez etapa bat irabaztea. Balentria hori lortu dutenen multzoan sartu da, ni neu tartean nagoen multzo berezi horretan, eta liderraren maillotarekin gainera. Hori bai, biharko [gaurko] etaparen atarian inork ez zukeen nahiko lider egotea. 255 kilometroko etapa da; udaberriko klasikoen parekoa. Nahikoa kilometro egingo ez ditugunez, Montecatini Termera iritsitakoan beste itzuli bat emango dugu. Errazegia zen, itxuraz, 240 kilometroren ondoren etapa bertan amaitzea. Igoera txiki bat sartu tartean, eta tentsio pixka bat gehiago. Amaierako show hori eskatzen du zaleak, eta, tira, onartu egin beharko dugu.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Adin kontua izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu