Trapailazko olatutik

Amesgaizto horia

2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Azkenean bai, azkenean oriotarren amesgaiztoa egia bihurtu da, eta Mirotza-k San Miguel ligako azken postuan bukatu du denboraldia. Nork esango zien iazko denboraldia ikusita postu horretan bukatuko zutenik aurten? Egia da maila ez dutela guztiz galdu, azken unean kanporaketa jokatzeko aukera izango dutela (Urdaibairekin gertatzen denaren zain), baina Oriako ibaia laino beltz batek estaltzen du. Bi azken hamarkadetan aurreneko postuetan izan dugu Orio, eta horrelako egoera jasatea kolpe oso gogorra da herriarentzat. Hala ere, komunikabideek puztu egin nahi izan dute gertaera; hainbesteko ezbeharra al da, ba, Oriok maila galtzea? Talde guztiok izaten ditugu gorabeherak urte batetik bestera, eta, aurten, Orioren txanda izan da, besterik gabe. Orain, lana apaltasunez eta zentzuz egiteko ordua iritsi zaie oriotarrei, oinarri sendo eta iraunkor bat osatzeko helburuarekin. Ez da inoiz historia ahaztu behar, baina ezta haren kontura ere bizi behar. Beraz, etorkizunean indarberritzeko ideia eduki behar dute orain buruan, berriro gora egin ahal izateko.

Oriori gertatutakoaz aparte, asteburuak bestelako gertaerak utzi dizkigu. Larunbatean itsasoarekin batera ikuskizuna iritsi zen, eta zer-nolako ikuskizuna. Ohorezko txanda zirraragarria bizitzeko aukera izan genuen, eta azkenean asteburuz asteburu abisatzen zetorren Tiranek Orioko ikurrina etxera eramatea lortu zuen. Hori aurpegia geratu zitzaiguna sanjuandarroi. Behin ohorezko txanda irabazi, eta saririk gabe joan behar horrek biziki mindu gintuen.

Igandean, berriz, Castroko ur-gazietan lehiatu ginen, eta han talde bakar batek eraman zituen jende guztiaren laudorioak: Kaikuk. Urdaibairen baimenarekin, iraileko lehen bi igandeetan jokatuko den Donostiako Bandera irabazteko aukera guztiak lortu dituela ematen du. Argi dago Sestaokoek helburuak oso ondo finkatzen dituztela, eta egutegiko egun garrantzitsuetan ez dutela hutsik egiten. Aurten, haiek dira faborito nagusiak, inolako zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.