Urte berri, asmo berri? Batzuek soberan dituzten kiloak galdu nahiko dituzte. Besteek, ingelesa ikasi; ondokoek, lana bilatu, edo pertsona hobeak izan. Osasuna eskatzea ere asko eskatzea ez. Urte berri hasierako borondate oneko asmoak denak. Gutxi irauten dutenak ere bai, normalean. Olentzero, baina, ondo portatu zen euskal saskibaloi taldeekin, eta Errege Magoak ere opari goxoak egiteko bidean dira, opari politak jasotzen ohituta ez dauden parajeetan. Ikazkinak Euroligako Top16a ekarri zuen Bilbora, eta zulotik irteteko aukera Donostiara. Gasteizera, aldiz, ikatza suelto, Baskonia Euroligatik at utzita. Errege Magoak zorrotzagoak izan dira Gescrapekin, eta opari gaiztotua utzi die: lautik lau irabazi beharra, Kopa jokatzeko. Gasteizen, aldiz, ligako lidergoa utzi dute. Opari ona taldeko joko txarra aintzat hartuz. Eta Donostian eta Gipuzkoan, amets egiteko atea ireki dute. Ilunben 7.000 lagunek gozatzeko ametsa. Miseriak pasatzen ohitutako taldeari aberatsen epelean bizitzeko aukera eman dio. Aukera baliatzea bakarrik falta da orain.
Zuhur, lasai, berotu gabe. Kosta zaie aitortzea. «Bai, jakina, Kopari buruz hitz egiten dugu aldagelan. Guk geuk ere gure ametsak ditugu, baina beti oinak lurrean edukita». Zuhurtziari kateatuta bizi dira Donostian, gehiegizko baikortasunak eragin dien kaltea gertutik ezagutzen dutelako. Halere, poztasun pixka bat... joan den asteartean Ilunbe oihuka eta ia 7.000 zale taldea hauspotzen ikustea ederra izan zelako. Taldeak behingoz arima, bihotza eta burua duela erakutsi duelako. WhatsApp mezularitza teknologia berriaren bitartez jasotako mezua, hauxe, Cajasoli irabazi eta goizaldeko ordu txikietan: «Tira, Kopa, suabe. Hirutik bi irabazi behar ditugu, eta bi kanpoan ditugu eta bestea Bartzelonaren aurka etxean!». Suabe, bai, baina eutsi. Lagun Arori seigarren garaipena eman zion jokalariarena da hausnarketa. Kontuak garbi daude: Lagun Arok Bilbon irabazten badu, ia-ia barruan egongo da, Bartzelonari irabazteko indarberrituta eta Murtzian kirol arrakasta itzela lortzeko gertu.
Lehen etsipen keinuak. Kostas Vasileiadisek hartu zuen hitza Unicajaren aurka galdu ostean, eta Kopaz galdetuta, etsipen apur bat sumatu zitzaion: «Liga da garrantzitsuena, titulua lortzeko kanporaketak, horrek emango baitigu hazten jarraitzeko aukera». Katsikaris ere ildo beretik atzo: «Kopara pasatzeko gai garela sinetsita nago, baina Kopari bezala, zortzi onenen artean sartzeko lasterketa hasi behar dugu. Ez gaude seigarren postutik urrun, eta garaipenak lortzen hasteko ordua da». Bakoitzari berea. Gescrapek Kopa ez jokatzea kolpe handia litzateke, baina komeni gauzak oso zail daudela aitortzea. Gogorra da esatea, baina igandean galtzen badute, kanpoan daude. Honatx, bizkaitarren menua: Lagun Aro etxean, eta hiru segidan Bilbotik urrun: Zaragoza, Valladolid eta Obradoiro. Denak irabazi behar ditu, 3-1 balantzearekin aukera txikiren bat izan badezake ere.
Iluntzeko siesta. Bakarren bat Iradier Arenara mantaren bat eraman ez izanaz damutuko zen, goxo-goxo siestatxoa botatzeko... Kantxan zer ikusirik ez baitzegoen. Akatsari akatsa, hirukoa hirukoari, jokaldi landurik ez, zabarkeria franko zenbait unetan... Ivanovicen laburpena interesgarria izan zen, halere: «Ez dugu partida txarrik egin, jaurtiketa txarrak egin ditugu. Eskerrak asmatzen ez genuela jabetu eta defentsan estutu dugun». Arrazoi du. Baskoniak 27 hiruko bota zituen, eta zazpi bakarrik saskiratu. %26, zenbaki pobreak. Okerrago aritu zen, ordea, Fuenlabrada, 28 jaurti eta lau bakarrik asmatu baitzituen. Arabarren defentsa onak zerikusi zuzena eduki zuen portzentaje txar horretan. Ligan puntu gutxien jasotzen duen bigarren taldea da Caja Laboral, Bartzelona liderrarengandik oso gertu. Ivanovicek Joaquin Caparrosekin hitz egin ote duen argitu beharko litzateke. Joko onaren faltan ez baita txarra andaluziarrak ezagun egin duen esaldia: «Jokoa, jokoa... sailkapena, lagun, sailkapena!».
Zonakako defentsa
Ametsak amets
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu