Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Arriskuaren arriskuak

2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Albert Einstein gogoan.«Bizitza oso arriskutsua da. Ez pertsonak gaiztakerian dabiltzalako, baizik eta zer gertatzen den bakarrik begiratzen dutelako». Zientzialari alemaniarrak utzitako esaldi ezagunenetakoa, hori. Arriskuak mota askotakoak izan daitezke, bizitzako garai desberdinetan hartutakoak, baina arriskuak saria dakarrela esan ohi da. Arriskuak hartu zituzten Lagun Arok eta Sito Alonsok. Eta uzta oparoa jaso. Arriskatu egin du Katsikarisek eta Gescrap Bizkaiak, lehentasun guztia Euroligari emanda, eta sei garaipeneko boladaren bukaera ekarri du horrek. Onartzeko moduko arriskua, ligak buelta duelako, eta Euroligak ez. Gasteizen, aldiz, arriskurik ez hartzea erabaki zuten udan, eta halamoduzko taldea eraikitzea. Euroligatik at, Koparik gabe, eta uste batekin: ligako finalerdiak jokatuz gero, denboraldia balekoa litzateke. Arriskurik ez, saririk ez.

Konfiantza. Kamuts zebilen eraso jokoan Lagun Aro, eta CAI Zaragoza garaipena lortzeko merezimenduak egiten ari zen: Pankoren iturria itxita, Cabezasek Salgado hankapean, eta Hettsheimeir, Archibald eta Fontet etxeko taldeko pibotak gainditzen. Balorazioan ere nagusi espainiarrak, 15 puntugatik. Baina kale egin zuen Steffanssonek, Baroni puntu bateko hiru jaurtiketa oparituz. Hirurak barrura eta 73nakoa, partida bukatzeko bederatzi segundo geratzen zirela. Falta Bracey Wrighti, eta jendea sinetsi ezinik. Nola ba? «Jokalariekin hitz egin dut eta arriskatzeko esan didate, konfiantzarekin zeudela azken erasoa guretzat bazen, eta hala egin dugu, Bilbon bezala». Bilbon ondo atera zen, eta herenegun ere bai. Baron odol hotzekoa delako. Sartu edo ez, bota egingo duelako. Sartu egin zuen, «ligako onena delako bere posizioan». Alonsok esana. Egurra ere eman zaio, diogu, baina ondo dagoenean, jokalari puska da! Seigarren da Lagun Aro, eta igandean mailari eusteko lorpena lotzeko aukeran. Liga bukatzeko 13 partida falta direnean! Beste helburu batzuk jarri behar dira, eta azkar.

Edabe magikorik ez. Eguerdi aspergarria Gasteizen. Harmailak lepo beteta bigarrenez, baina antzeko joko kaskarra egiten segitzen badu, akabo! Valladolid partida irabazteko zorian egon zelako. Egia da Teletovic 76 segundo bakarrik egon zela kantxan, sabeleko arazoak jota, baina hori ez da aitzakia, kapitain gabe ere askoz gehiago delako Baskonia. Maciej Lampe ere pattal ibili zen, eta haren jardun apala datu ona da onartzeko poloniarra ez dela arazo guztiak bukatutzat emango dituen jokalari ahalguztiduna. Baskoniak arazo asko dituelako. Heurtelek ez du oraindik tokirik bilatu, Pau Ribas sasoi ona bilatu ezinik dabil bere lesioaren ostean, San Emeterio gris, sasoi osoan bezalaxe, eta saskipea... Saskipea gaizki, denboraldi osoan bezala: «Teletovicena ez da aitzakia. Zeudenek konpondu behar zuten egoera!», esan zuen Ivanovicek, bukaeran. Eta daudenak nahiko ez badira? Valladoliden aurka galtzeko zorian dagoen taldeak baikortasun gutxi transmititzen du. Orain eta bi hilabete barru ere bai, egoera zeharo aldatzen ez bada, behintzat.

Penitentzia. Aitzakia erraza zeukan Katsikarisek Murtzian garaipena lortzen ez bazuen, eta, lortutakoak lortu ostean, errazagoa da bizkaitarrek Murtzian egindako akatsa barkatzea. Sienaren aurkako partida gogorrak neke handia eragin bide zuen taldean, baina litekeena da jokalariek eta taldeko inguruko hainbatek Murtzian sufritu gabe irabaziko zela pentsatu izana. Kalitatez, zalantzarik ez, baina Murtzia mailari eusteko borrokan murgilduta dago, eta etxeko indarrari etekina atera beste biderik ez dauka. Oraingoz, zortzi onenen artean dago Bizkaia; baina jarraian bizpahiru partida galduta, postu asko galtzen dira. Murtziakoa larriagoa izan daiteke, igandean Miribillara Bartzelona datorrela aintzat hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.