Orain bederatzi urte sortu zen TKE. Ordutik, ligaren oihartzun mediatikoa eta egitura berria tarteko, arraun mundua eraldatu egin da. Batetik, koroak pisua hartu du, eta elkarteek lehen baino irrika handiagoz nahi izaten dute hura irabazi. Haren lehian jarduteko gaia duenak ekain bukaerarako sasoi puntua lortu behar izaten du horretarako; eta gero hura udan mantendu. Bestetik, TKE sortu aurretik, uda hasieran jokatzen ziren, urtero, denboraldi horretarako sailkapenak; eta, beraz, ligaren azken postuetan ibiltzeak ez zuen aparteko garrantzirik hurrengo urteari begira. Gaur, ordea, ligaren sailkapenak baldintzatzen du hurrengo udan bakoitza zein mailatan egongo den; eta horrek modu berean eragiten die beheko postuetatik salbu egotea helburu duten taldeei: hasieratik puntuak pilatzea komeni zaie, larri ibiliko ez badira. Horrek guztiak, eta Kontxak, taldeen prestakuntza bestelako modu batean planteatu beharra ekarri du; xedeak xede, denboraldi osoan, hasieratik bukaeraraino, ongi jardutea funtsezkoa baita egun.
Aurtengo traineru sasoia eraldaketa horren isla garbia izan da. Esaterako, lehen asteburuan, Hondarribia eta Kaiku izan ziren trapuen jabe, eta hala bukatu dute liga. Uda osoan erregularrak izanda, gainera. Urdaibai eta Tiran azeriarena egitearekin konformatu dira, eta bakoitzak oilo bana ostea lortu du. Has eta buka maila itzela emanda, banana-rekin lehiatu izan balira zer gertatuko zen galderarekin utzi digute. Behealdean, Zierbenak dotore bukatu du uda, baina hasiera pattalak aukerarik gabe utzi zuen. Zumaiari erregulartasunak huts egin dio. Lehenbi saio onak eginda —bi zazpigarren postu—, lasaiago ibiliko zela pentsarazi zigun; baina unerik zailenean orduko hura zortea ez zela izan erakutsi digu.
Neptunok justizia egin du aurten, bakoitzari berea emanda. Proportzio egokian banatu ditu banderak eta postuak, maila guztietan. Ez zait iruditzen merezitakoa baino uzta eskasagoa jaso duen talderik dagoenik; azkenean, itsasoak jarri du bakoitza bere lekuan.
Arraun-minez
Bakoitza bere lekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu